Krosa barrutik bizitzeko beste modu bat gehiago

Adrian Garcia 2018ko urr. 26a, 12:15

Froga moduan aterako dira lehen aldiz ipar martxalariak igandeko krosean. Bost kilometroko ibilbidea egingo dute. Ostadarreko Ipar Martxa sailak "ilusio handiz" hartu du erronka. Ondo ateratzen bada, hurrengo urtean izen emateak irekiko dituzte

Urteko egun berezienetakoa da krosarena Lasarte-Orian. Modu batean edo bestean, herritar mordoa murgiltzen da korrika festan; lasterkariak, patinatzaileak, laguntzaileak, ikusleak, gurasoak, haurrak... Dagoeneko badaude modu asko Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia bizitzeko, baina aurten are gehiago zabalduko da lasterketa:  ipar martxalariek parte hartuko dute lehenengo aldiz. 

"Nola ez zarete ba aterako, Ostadarrekoak zarete eta". Erantzun hori jaso zuten Rosa Ormazabalek eta Junkal Perezek lasterketako arduradunei proposamena egitean. Froga moduan egingo dute aurten bost kilometroko ibilbidea. Lehengo zatia, irteeratik Kale Nagusira iritsi arte, korrikalarien atzetik joango dira. Gero ibai ondotik buelta eman, eta Michelingo zuzenkian elkartuko dira berriro lasterketarekin. "Orduan izango da zati gatazkatsuena, Okendo plazaraino lasterkariekin joango gara eta. Ziurrenik hesi batzuk jarriko dituzte", azaldu du Ormazabalek. 

Ilusioa 

"Ilusio handia" egiten diete Ostadarreko Ipar Martxakoei krosean parte hartzea. "Bestela guk ez genuke aukera izango hor ateratzeko. Gure sema-alabak eta ilobak ateratzen dira urtero, eta aurten gu bertan parte hartzen ikusiko gaituzte", azaldu du Perezek. Gainera, krosak herrian duen garrantzia ikusita, barrutik bizi ahal izatea "egia bihurtutako ametsa" da, Ormazabalen hitzetan. "Ostadar oso garrantzitsua da gure bizitzan. Gure seme-alabak taldearen bueltan egon dira beti. Eta krosa da Ostadarren ekintza gorena". 

Lehengo froga denez aurtengoa, taldekide guztiak ez dira aterako. Baina izango dute zeregina: lasterketan boluntario gisa lagunduko dute. "Eta ondo bukatzeko, bazkaria egingo dugu amaitzean". 

Erreferentziak hartzeko 

30 bat ipar martxalari aterako dira denera. Donostiatik ere etorriko da baten bat. "Nahi dute kanpotik jende ona etortzea, jakiteko zenbat denboran egin daitekeen ibilbidea. Guk 45 minutu inguruan egingo dugu. Ordu erdian sartuko da lehenengoa". San Silvestre lasterketan luzera antzeko ibilbidea egiten dute. "Badakigu zer den lasterketa batean ateratzea". 

Edonola ere, gehienez ordubete eta hamar minutuko denbora  izango dute lasterketa amaitzeko. "Bost kilometro bakarrik dira, martxalari guztiak sartuko dira denbora horretan". 

Ondo ateraz gero, hurrengo urtean proba lehiakorra izango da ipar martxarena. Alegia, txipa, kronometroa eta irabazleentzat dominak izango dira.