Arraun denboraldiko proba garrantzitsuena da Kontxako Bandera. Joan den igandean jokatu zuten lehen jardunaldia, eta igande honetan erabakiko da lehiaketa. Hibaikak eman zuen lehen kolpea, jardunaldia irabazita. San Juan izango du aukari nagusia igande honetan, 2,66 segunduko aldea besterik ez baitzion atera. Intza Fernandez lasarteoriatarra Donostiarra traineruan arituko da. Joan den igandean zazpigarren geratu ziren, Hibaikak baino minutu erdi gehiago eginda.
"Sentsazio onekin" bukatu zuen estropada Donostiarrak, Fernandezek Txintxarri-ri azaldu dionez. "Espero baino hobeto egin genuen". Lehenengo ziaboga arte fin eutsi zioten erritmoari, eta azkeneko luzean egin zuten behera. Dena dela, Fernandezek nabarmendu du emaitza ona dela.
"Sentsazio on" horiek hauspotuta ekingo dio lasarteoriarraren traineruak bigarren jardunaldiari. Helburua argi dute: "Jardunaldia irabaztea gustatuko litzaiguke, edo, gutxienez, Deustu aurreratzea". Lau segundura besterik ez dituzte bilbotarrak. "Ahal ditugun postuak aurreratzea da helburua".
Itsaso zakarra aurreikusi dute iganderako, eta Donostiarraren alde jokatu dezake horrek. Bi eta hiru metro arteko olatuak espero dira. "Azken asteetan itsaso txarrarekin egon gara entrenatzen, eta nahiko entrenamendu onak izan dira. Agian gure alde izango da itsaso zakarra, olatuak aprobetxatzeko aukera dugulako".
Zorte apur bat ere beharrezkoa izango du; igandean bertan zozketatuko dituzte traineruak arituko diren kaleak. Fernandezek esperantza badu bigarrena egokitzeko, joan den asteburuan bezala. "Guri gehien komeni zaiguna da".
Urdaibaien marka historikoa
Gizonen estropadan, Urdaibaiek eskuratu zuen garaipena lehen jardunaldian, marka historikoa onduta, gainera: 18:53.52. Halere, ez du garaipena ziurtatuta, Hondarribiak lau segundu gehiago besterik ez zituelako behar izan estropada osatzeko. Oriok zailagoa izango du, hirugarren sailkatu baitzen, bederatzi segundora.