Kirolaren bitarteko aldarriak 28. Lilatoian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 5a, 20:31
Urtero legez, Donostiako kaleak more kolorea hartu dute gaurko goizean zehar. Milaka emakumek egin dute aldarri ozena kirolaren bitartez. Tartean, hainbat lasarteoriatarrek.

Bost mila emakume baino gehiagok aldarriz bete dituzte Donostiako kaleak beste urte batez, gaur goizean zehar. Guztira 138 lasarteoriatarrek eman dute izena 28. Lilatoian parte hartzeko. Kirolprobak web atariaren datuen arabera, 116 iritsi dira helmugara. Inoizko zifra handiena izan da. Trena hartzea erabaki dute horietako zenbaitek; 09:00etakoa hartu baino lehen, talde argazkia atera dute.

Herritar azkarrena Maite Salazar izan da aurten ere, 20 minutu eta 34 segundoko markarekin. Helmuga zeharkatu duen lehenengo lasterkaria berriz, Izaro Rubio ordiziarra (17:53). Maitane Guerrero hernaniarrak (18:03) eta Lorea Ayala donostiarrak (18:28) osatu dute podiuma.

Dena den, kirol-emaitzak eta kronometroek markatzen dituzten denborak baino garrantzitsuagoak dira milaka emakumek urtero kirolaren bitartez egiten dituzten aldarriak. Balio bezate gaur egindako urrats denek generoen arteko berdintasuna lortzea bost kilometro gertuago egoteko.