Euskal Herri zein Estatu osoko kantxa, pista eta zelaietan aritzen dira Axier Arteaga, Eneritz Busto eta Mikel Etxarri lasarteoriatarrak. Kirol arloan, herriaren enbaxadore apartak dira aipatutako hiru pertsona hauek, eta merezitako aitortza jaso dute gaur eguerdian udaletxe zaharreko udalbatzar aretoan. Gunea txiki geratu da, herritar askok gertutik jarraitu nahi izan dutelako gaurko ekitaldia.
Jesus Zaballos alkateak gidatu du aitortza ekitaldia. Azpimarratu du gaurko hiru kirolari sarituak herritarrek hautatu dituztela. "Zalantza izpirik gabe, eredu dira guretzat hiru herritar hauek, belaunaldi gazteentzat batez ere". Era berean, "ahal den neurrian", alkateak kirola egitera animatu ditu herritar guztiak. Esaldi honekin biribildu du sarrera: "Harro egon zaitezkete orain arte lortu duzuenaz; ziur etorkizunean ere berri on gehiago emango dizkiguzuela".
Ondoren, banan bana, euren sariak jaso dituzte Arteagak, Bustok eta Etxarrik. Alkateak bakoitzaren ibilbidearen errepaso labur bat egin du, eta ondoren protagonistak jarri dira mikrofonoaren aurrean. Bustok, hunkituta, eskerrak eman dizkio Udalari, saritzeagatik, eta baita bere lagun eta ahaideei ere: "Ohore bat da niretzat aitortza hau jasotzea; erakusten du atletismo pistetatik kanpo ere norbaitek baloratzen duela egiten dugun lana". Aulkitik irribarretsu altxa da Axier Arteaga pilotaria ere: "Egun eta ordu asko ematen ditugu entrenatzen, momentu oso onak eta txarrak pasatzen ditugu, eta gaurkoa bezalako egunetan ikusten dugu gure ahaleginek ematen dituztela fruituak". Luzexeagoa izan da Etxarriren solasaldia. "Sorpresa atsegina" jaso duela esan du, eta "oso pozik" dagoela jakinarazi: "Udaletxetik 50 metro eskasera jaio nintzen; bizitza osoa futbolari eman eta gero, sari hau jasotzeak bete egiten nau, eskerrik asko guztioi. Nik asko gozatu dut egindako bideaz, hau baita gehien gustatzen zaidana, baina familia eta lagunek gehixeago sufritu dute, etxetik kanpo egon naizen urteetan batez ere; eurena ere bada sari hau". Gazte denboretako anekdotaren bat edo beste ekarri du gogora: "1959an zutoinak eta langa hartuta joaten ginen Hipodromora Julian Sagardia eta biok, baita beste hainbat ere, eta futbol txapelketak antolatzen genituen. Kirola errotu genuen herrian".
Hitzaldiak amaitu eta gero, udal korporazioko hainbat kiderekin batera talde argazkia atera dute hiru sarituek. Ekitaldia amaitu eta gero, ahaideek eta lagunek ez dute etorkizunean gogoratzeko argazkiak ateratzeko aukera galdu.
Bi txapel, buru bakarrean
Gogoratzeko moduko urtea burutu du Axier Arteaga pilotari profesionalak. Apirilean, promozioko binakako txapelketa irabazi zuen, merezimendu osoz, Jon Erasun zizurkildarrarekin bikote eginda. Ander Peña eta Ruben Salaverrirekin neurtu zituzten indarrak Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta 22-12 nagusitu ziren. Zale lasarteoriatar ugarik gogotik animatu zuten partidak iraun bitartean. Txapela lortzeaz gain, finaleko pilotari onena ere izendatu zuten herritar gaztea.
Binakakoa irabazi eta hilabete t'erdira, buruz buruko promozioko txapelketa ere poltsikoratu zuen, Joanes Bakaikoa nafarrari 22-18 gailenduta. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zuten final handia, eta Tolosan bezalatsu, zale lasarteoriatarrek frontoiko harmaila zein butaka ugari bete zituzten. Hilabete eta erdian, bi txapel, buru bakarrean.
Hurrengo hilabeteak, ordea, gazi-gozoak izan dira. Buruz burukoa irabazi eta oso gutxira, hilabete batzuez geldirik egon behar izan du Arteagak, bi belaunetan tendinitisa izan baitu. Halere, udazken-negu parterako osatu da berriro, eta kantxetara itzuli da, maila onean. 2018ari ekiteko gogotsu dago Asegarce enpresako jokalaria.
Hesi guztien gainetik, marken azpitik
Amaitzear dagoen urtea ez zuen espero bezala hasi Eneritz Bustok: anemia bat tarteko, ez zen sasoiko egon denboraldiko aurreneko konpetizioetarako, baina pista estaliko zein aire libreko une erabakigarrienetara sasoi betean iritsi zen: hesi guztien azpitik egin zuen jauzi, eta ordura arteko marken azpitik ibili.
60 metro hesietako proban lortu ditu 2017ko emaitza aipagarrienetako batzuk: otsail erdialdean, esate baterako, Gipuzkoako absolutu mailako txapeldun izan zen, pista estalian. Astebete barru, denboraldiko marka ondu zuen, Espainiako absolutu mailakoan; 8.79 segundoko denbora puska egin zuen. Martxoan biribildu zuen pista estaliko denboraldia: zilarra kolkoratu zuen Espainiako junior mailako txapelketan. Final handian 8.82 segundotan geratu zuen kronometroa, baina marka onena finalerdietan ezarri zuen: 8.75.
Uda partean ere egurrean jarraitu zuen atletak: aire libreko Espainiako junior mailako txapelketara joan, eta urrea ekarri zuen bueltan Lasarte-Oriara. 14.16 segundoko denbora eginda, Europako Udako txapelketara sailkatzeko zorian egon zen, baina kanpoan geratu zen azkenean. Dena dela, denboraldi bikaina osatu du.
LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkartean eman ditu orain arteko urrats guztiak, baina 17-18 denboraldian taldez aldatu eta Atletico San Sebastianen ariko da. Gaurko ekitaldian alkateak nabarmendu duen bezala, "segundo gutxi batzuetan" denboraldi osoko lana jartzen du jokoan Bustok. Eta, 2017an behintzat, emaitza paregabeak lortu ditu.
Futbolaren entziklopedia
Tartekiak guztiz balio dezake Mikel Etxarri definitzeko (Lasarte-Oria, 1946). Kronika idazten ari den kazetariak apirilean bazkaldu zuen Etxarrirekin eta beste hainbat pertsonarekin, Semblante Andaluz elkartearen 25. urteurrenean, eta erabat txundituta geratu zen: jokalari guztiak ezagutzen ditu, profesionalak eta afizionatuak, eta hainbat datu eta anekdota ere badakizki. Futbolaren entziklopedia bat da.
Futbola zelai barrutik ezagutu du, jokalari izan baitzen gaztetan; besteak beste, SD Eibarren aritu zen. 25 urterekin erretiratu eta gero, entrenatzaile lanetan hasi zen, 27rekin: hainbat urtez aritu da hango eta hemengo hainbat talde zuzentzen. Horren ostean, Realean ibili da lanean hemezortzi urtez, hainbat kargutan. Gaur egun, futboleko Euskal Selekzioa zuzentzen du, Jose Mari Amorrorturekin batera.
Arroyo, Indias eta Puertas
Iaz banatu zituen Lasarte-Oriako Udalak kirolari nabarmenen sariak, aurrenekoz: Aizpea Arroyo gimnastak, Txema Indias Leganeseko kirol zuzendariak eta Jon Ander Puertas errugbi jokalariak irabazi zituzten 2016ko kirolari nabarmenenen sariak.