Junior Partaidetza taldeak igoera fasea jokatuko du

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 9a, 11:30
Ostadar SKTko saskibaloi taldeak 40-59 garaitu du TAKE taldea, faseko azken jardunaldian

Garaipena erdietsiz bukatu du Ostadar SKTko junior mailako Partaidetza taldeak. Tolosan jokatutako partidan TAKE garaitu du, 40-59.

Lehenengo laurdena nahiko berdindua izan da azken minutuetara arte. Markagailuan hamarnako berdinketa zegoenean, Ostadarrek aurre hartu dio TAKEri eta 10-17 amaitu dute.

Bigarren laurdenean TAKE erasora atera da eta markagailuan gerturatu da (18-19). Arerioa hain gertu ikustean lo zorrotik atera dira jokalariak eta hamar puntu eskuratu dituzte, 18-29koa markagailuan ezarriz.

Atsedenaldiaren ostean indartsu atera dira urdin-beltzak, eta bi taldeen arteko tartea hogei puntukoa izan da. TAKE hurbiltzen saiatu da, baina ezin izan du ezer egin. 31-52 amaitu da hirugarren laurdena.

Azken zatian, berriz, saskiratze gutxi ikusi ahal izan dira. Bi taldeak indarrak neurtu dituzte, eta 9-6 izan da partziala. 

Igoera fasea

Garaipen honi esker, 21 punturekin bere taldeko bigarren sailkatu da taldea, eta igoera faserako txartela eskuratu du. Asteburu honetan atsedena du taldeak, eta hurrengo astean jokatuko du fase berriko lehen buruz burukoa.