Jose Martijaren omenezko txapelketa, asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 5a, 22:30
Benjamin eta alebin mailako bederatzi taldek jokatuko dute Jose Martijaren II. omenezkoa. 09:30ean hasiko da txapelketa eta arratsaldeko 19:30ak bitartean luzatuko da. Talde guztiek elkarren aurka jokatzeko aukera izango du

Jose Martijak urtetan zehar entrenatutako jokalariek egindako omenaldi hunkigarria izango da biharkoa. Benjamin mailako zortzi taldek txapelketa jokatuko dute larunbat osoan zehar Michelin zelaian. Eguerdian, bestalde, lagunartean lehiatuko dira Ostadar SKT-ren eta SD Eibarren alebin mailako taldeak.

Lehiaketaren aurkezpenean Martija anaiek entrenatutako jokalari ohiek hitz egin zuten. "Sasoetan, Saustatxon edota Texas Lasartearran egindako lana" goraipatzeaz gain, edukitako taldeen argazkiek osatutako bideoa erakutsi zuten. Bertaratu ziren familikideek gogoz eskertu zuten eskainitako oparia.

Benjaminen txapelketa 

Goizeko 09:30ean hasiko dute txapelketa, eta 12:30ak bitartean jokatuko dira lehenengo faseko partiduak. Bi multzotan banatu dituzte benjaminen taldeak. Alde batetik, Antiguoko, Vasconia, Eibar eta Texas Lasartearra arituko dira. Bestetik, Beti Ona, Koras, Sanse eta Villabona.

16:30ean berriro ekingo dute txapelketa, bigarren fasea hasiz. Talde bakoitzeko bi talde onenak finalerdietara sailkatuko dira eta beste biak kontsolazio fasera.

Bi finalak 17:40ean eta 18:25etan jokatzea espero dute antolatzaileek. Partiduak 30 minutukoak izango dira, zelai erdira, finalak izan ezik. Horiek 40 minutuko iraupena edukiko dute.

Eguerdian egingo diote omenaldia Jose Martijari. 12:20etan Michelingo zelaian. Ondoren, alebin mailako Ostadar SKT-rek eta SD Eibarrek jokatuko dute lagunartekoa.

13:30ean talde guztiak abiatuko dira, txaranga baten laguntzaz, Sasoeta auzoan kokatuta dauden elkarte gastronomikoetan bazkaltzera. Jakinarazi dutenez, benjamin mailako talde guztiak gonbidatuak izango dira, baina aldez aurretik jakitera eman beharko dute haien asistentzia.

Txapelketa formatua hartu du Jose Martijari egin dioten bigarren omenaldi honek. Etorkizunera begira, horrela jarraitu nahiko lukete, Lasarte-Oria Gipuzkoako futbol eskolen topaleku bihurtuz. Urte askotan Martijatarrek herriko haurrekin egindako lanak jarraipena izango du ikasle ohien eskutik.