Jon Ander Puertas: "Lau puntu asko dira, baina aterako dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 24a, 18:45
Ohorezko mailari eusteko kanporaketa irauli behar du Hernanik. Puertas lasarteoriatarra ez da arerioaz fio. Halere, badaki partida haien eskuetan dagoela: "Burua hotz eduki behar dugu"

Etxeko jokalariekin errugbiko goi mailan aritzeak baditu arriskuak. Aurreko denboraldietan ozta-ozta saihestu izan du Hernanik mailari eusteko kanporaketa. Aurten, ordea, Sevillako Ciencias taldearen aurka jokatu behar du hil ala biziko partida. Andaluzian izan ziren joan den asteburuan, baina ez zuten esperotako emaitza eraman bueltan (31-27). Larunbatean jokatuko dute Landaren, 16:00etan. Gainditu beharreko errenta laburra izan arren, Jon Ander Puertas (Lasarte-Oria, 1996) ez da fio. 

Esan daiteke denboraldiko partidarik garrantzitsuena dela biharkoa? 
Une honetan bai. Egon dira partida garrantzitsuak; gure esku egon da lehenago salbatzea. Partida bakarra da orain: salbatu edo kategoria galdu. 

Zer sentsazioekin bueltatu zarete Sevillatik? 
Ahal genuena baino gutxiago atera genuen. Haiei meriturik kendu gabe, guk ez genuen lasai jokatu, urduri aritu ginen. Kanporaketa hor erabakita utzi nahi genuen. 

Nola prestatu duzue itzuliko partida? 
Ez da aldaketa askorik egon urte osoan egin dugunarekin. Lan fisikoa utzi dugu, fresko ailegatzeko. Sistema taktikoa ez dugu aldatuko. Horretan sinisten dugu, eta aterako dugu. 

Haien zigor kolpeek min egin zizueten. Falta gehiegi egin zenituzten, ezta? 
Bai, behar baino gehiago. Haien hamar zenbakiak oin oso txukuna du; asko harritu nintzen. Antsietatearengatik edo, falten dinamika horretan sartu ginen. Kurpil zoro bat da: puntuak egin zituzten, urduri jarri ginen, eta are falta gehiago egin genituen. 

Orduan, falta gutxi egitea da kontua? 
Lasai jokatu, eta faltetaz ahaztu. Hori argi dugu. 

Aurrekoetan zuzenean lortu duzue jaitsiera saihestea. Zer gertatu zaizue aurten? Lesioek eragina izan dute?
Lesioak betiko arazoa dira. Karga asko daude, besteak oso handiak dira, eta min egiten dute. Horrekin bizi behar dugu, beste erremediorik ez dago eta. Nire ustez, askotan huts egin dugu, partida jakin batzuk ez ditugulako ongi itxi. Cisneros etxean, Gernika han, Valladolid, Getxo, Ordizia... Errua gurea da. 60 minututan joko ona egin dugu, baina gero ez dugu burua hotz eduki emaitzari eusteko. Joko aldetik beste urteetan baino txukunago aritu gara. 

Igor Genua itzuli da kanporaketa jokatzeko. Nabarituko zen, ezta?
Opari bat izan da. Fisikoki beste maila batean dago, eta joko aldetik zer esan... Beste puntu bat ematen dio taldeari. Polita da, etxekoa delako, eta gustura etortzen da. 

Partida erabakigarria Landaren jokatuko da. Zelai zaila izaten da kanpotarrentzat. Horrek zuen alde egiten du.  
Zaila dela esaten dute. Pozgarria da hori entzutea, besteek errespetua izatea zure jokalekuari. Txantxetan esaten dugu, Landareko aldapatik  infernura jaisten dela. Gure gotorlekua da, eta gure jendearen aurrean guk atera behar dugu partida. 

Giroa ez da faltako Landaren. Txekor errearen pintxoak egongo dira. 
Zaleentzako oparia da. Denboraldiko azken partida da etxean. Izugarria da dugun babesa; Sevillara joatea eta Hernaniko elastikoak ikustea oso polita da. 

Bost puntu behar dituzue salbatzeko. Etxeko bultzadarekin faboritoak zarete, ezta? 
Azkar esaten dira bost puntu. Oso zaila izango da. Erritmo aldetik Ciencias baino gehiago  garela uste nuen, joko azkarragoa edukiko genuela. Ez da horrela izan. Lortu dute gu blokeatzea. Landaren ere zaila izango da. Lau puntu asko dira, baina aterako dugu. 

Ikusten da talde giro polita duzuela, ongi pasatzen duzue bidaietan, bideo batzuetan ikusi daitekenez. 
Hori ezin da galdu, gure xarma eta esentzia da. Talde izaerarik gabe ez goaz inora. Horretarako afariak-eta egin behar dira. 

Gainera, Hernani da Ohore Mailako talde bakarra etxeko jendearekin jokatzen duena, fitxaketarik egin gabe. 
Ez nuke horretan sartu nahi. Klub bakoitzak egiten du haientzako onena dena. Talde batzuetan denak profesionalak dira, eta gero nabaritzen da sailkapenean. Beste batzuk lau fitxaketa dituzte, eta horiek ere nortasun polita daukate. Azken finean, familia nortasun horri eutsi behar zaio. Ez gara profesionalak, eta ez badago sentipen hori, ez dago konpentsaziorik. 

Lasarte-Orian ere ari da errugbia indarra hartzen. 18 urtez azpikoek Euskal Liga irabazi berri dute. Nola ikusi duzu bilakaera hori herrian? 
Nire garaian ez zegoen Beltzak, lagunartekoak eta entrenamenduak egin ditut haiekin. Egin duten lana ikusgarria da. Herrian gazteak ikusi izan ditut errugbiko baloiarekin jolasean. Beltzaken bultzadagatik dago giro hori herrian, eta benetan eskertzekoa da. 

Errusian izan zarete orain gutxi taldekide batzuekin Europako zazpi txapelketan. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso aberasgarria, bai kirol arloan, baita pertsonalean ere.