Jepkemeik eta Ayalewk irabazi dute 63. Nazioarteko Krosa

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko urt. 28a, 19:13
Daisy Jepkemei keniarra eta Aweke Ayalew bahreindarra izan dira azkarrenak 63. Nazioarteko Krosean. Emozioa, kirol giroa, eta lokatza: ez da ezer falta izan gaur Hipodromoan. Jende ugari gerturatu da kirol ekitaldiaz gozatzera

Atletismo goiz ederra izan da gaurkoa. Eguzkia zeruan, lokatza zoruan, eta hainbat atleta lasterka, egurrean. Gazte zein heldu, kirol ikuskizun bikaina eskaini dute guztiek. Senior mailan, Daisy Jepkemei keniarra eta Aweke Ayalew bahreindarra izan dira bizkorrenak. 

Emakumezkoak 12:30ean hasi dira lasterka. Ruth Jebetek, Daisy Jepkemeik eta Norah Tanuik erritmo bizia ezarri dute hasieratik, eta berehala ireki dute tartea. Ia bukaeraraino joan dira elkarrengandik oso gertu, baina azkenean Jepkemeik metro batzuk atera dizkie Tanuiri eta Rebet faborito nagusiari. Azken honek arazoak izan ditu ibilbideko lokatzarekin, behin baino gehiagotan labaindu eta erori baita. Dena dela, ikuskizun ederra eskaini dute atleta guztiek. 27 minutu eta 52 segundo behar izan ditu Jepkemei keniarrak ia bederatzi kilometroko ibilbidea osatzeko. Hemezortzi segundora sartu da Tanui, eta 57ra Rebet. Teresa Urbina sailkatu da laugarren, eta Carmen Valero saria irabazi du. Aurreneko euskalduna Ainhoa Sanz izan da. Hori dela eta, Belen Azpeitia saria eraman du etxera. Aipatu bost atleta horiek igo dira podiumera, eta argazkia atera dute elkarrekin, irribarretsu, ongi egindako lanaren satisfazioarekin.

Sari banaketa bukatu eta berehala iritsi da gizonezkoen txanda. Aweke Ayalew bahreindarra zen faboritoa, eta aurreikuspenak bete dira. Ilias Fifa, Yasin Haji, Polat Kemboi eta Ayalew beraren artekoa izan da dema: hasieran atzean geratu da irabazlea, baina ederki eman dio buelta egoerari eta beste hiruak harrapatu ditu. Hortik aurrera, ia elkarrekin egin dituzte hainbat kilometro. Kemboi geratu da atzean aurrena, eta Haji gero. Azkenean, Ayalew izan da azkarrena; bi segundora sartu da Haji, eta hamaseira Fifa. Fifak berak Mariano Haro saria irabazi du, eta Miguel Maiz Saria Ander Sagarzazuk, helmugara iritsi den lehenengo euskalduna izateagatik.

Gaztetxoen artean, LOKE kirol taldeko hainbat atleta egurrean aritu dira goizean zehar, lan oso txukuna eginez. Gustura geratu dira Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea entrenatzaileak, euren atleta gazteek egin duten lanarekin. 

Argazki galeria