Izkiña txapeldun berriro ere

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mai. 28a, 15:44
Izkiña tabernako jokalariek altxa dituzte herriko areto-futbol txapelketako kopa eta ikurrina aurten ere. 3-4 irabazi zuten Kattagorri Insaustiren aurka. Kontsolazioko txapelduna, berriz, Indaux izan da.

Duela urtebete pasatxoko argazkia errepikatu da aurten ere: Izkiña taberna izan da herriko areto-futbol txapelketako irabazlea. Beraiek altxa zituzten atzo arratsaldean ikurrina eta kopa. Beraiek jantzi zuten txapela. 2016an gertatu bezala, urdin-kolorez busti da txapelketa.

Irabazleen kolorea urdina izan da azkenean, baina zenbait minutuz gorri-beltza izan zen. Izkiñaren arerio Kattagorri Insaustik 3-1eko aldea zeukan hamar minuturen faltan, baina txapeldunek ederki jokatu zuten atezain-jokalariarekin eta markagailuari buelta ematea lortu zuten. Jokalarien kalitate teknikoak baino, esperientziak desorekatu zuen balantza atzokoan. Izan ere, "bizitza osoa" daramate Izkiñako jokalariek kirol honetan aritzen. Eta atzokoa bezalako hitzordu garrantzitsuetan abantaila izan ohi da.

Aurreneko zatia orekatua izan zen oso. Esan beharrik ere ez dago, garaipenaren bila atera ziren bi taldeak, baina lehenengo zatian bestearen indarrak neurtu zituzten biek. Kattagorri Insaustik eman zuen lehenengo kolpea, baina atsedenaldira joateko pare bat minutu falta zirela, partidua berdintzea lortu zuen Izkiñak, atezain jokalaria aterata. Lehenengo 25 minutuak jokatuta, banakoa adierazten zuen markagailuak.

Golak eta zirrara bigarren zatian

Oreka hitza erabili bada atzoko lehenengo zatia definitzeko, emozioa izan daiteke aproposa bigarrenerako. Edo zirrara. Edo golak. Osagai horiek guztiak eduki zituzten azkeneko 25 minutuek.

Bi taldeek aukera garbiak eduki zituzten markagailuan aurrea hartzeko, Izkiñak batez ere. Dena dela, Kattagorri Insaustik hartu zuen aurrea berriro markagailuan. Aurrea, eta aldea, bigarrena sartu eta minutu bakarrera sartu baitzuen 3-1ekoa. Lehenengo zatian egin bezala, atezain-jokalariaren sistema erabiltzen hasi zen Izkiña, eta aurreneko 25 minutuetan bezala, etekin handia atera zion. Partidua berdintzea lortu zuen, eta aurretik jartzeko aukeraren bat eduki zuen (langan jo zuen jaurtiketa bat, esaterako). Era berean, Kattagorri Insaustik ere gutxigatik ez zuen lortu berriro irabazten jartzea.

Azkenean, Izkiñak erdietsi zuen hori, bi minuturen faltan penaltiz sartutako gol bati esker (Kattagorri Insaustik bost falta baino gehiago egin zituelako). Gorri-beltzek ez zuten astirik izan partidua berdintzeko, eta Izkiñak irabazi du txapelketa, bigarrenez jarraian.

Final handia baino lehen, Indaux eta Reformas Lagunak taldeek kontsolazio finala jokatu zuten. Arauzko denboran launa berdindu ostean, Indauxek irabazi zuen penaltietan. Horren ostean, hainbat jokalari animatu ziren Jalguneko lagunekin batera partidutxo bat jokatzera giro ederrean.

Ligako sariak

Finalak bukatu eta gero, sariak banatzeko txanda heldu zen. Txapelketaren antolatzaileek hainbat garaikur banatu zituzten talde parte-hartzaileen artean. Lehenik eta behin, liga erregularrean egindako lanagatik kopa bana jaso zuen bakoitzak. Ondoren, sari indibidualak eman zituzten: Kattagorri-Insaustiko jokalari Iñaki Aristondo eta Ander Pecharromanek irabazi zituzten jokalari onenaren eta goleatzaile nagusiaren sariak, hurrenez hurren. Trumoiko Yosu Lopez izan da atezain onena, eta Ilargiko Jon Pello Artetxe jokalari jatorra.

Kiroldegitik ateratakoan, taldeetako jokalariak poteoan ibili ziren herrian zehar, eta gaueko ordu txikietara arte luzatu zuten parranda batzuek, tabernek ordubete beranduago ixteko baimena zutela baliatuta.