Irribarreak oparitzen lehenengoak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 25a, 14:00
Aurtengoa urte oso berezia izaten ari da Jalgune elkartearentzat. Duela 25 urte hasi zen behar bereziak dituzten gazteen eta euren gurasoen beharrei erantzuten, eta, hori gutxi balitz, aurten hamargarrenez jaialdi erraldoia antolatuko dute azaro-abendu partean, abenduaren 3ko egunaren motiboz. Lan eskerga egiten dute herrian, eta horregatik, Ostadarrek 1 zenbakidun dortsala emanez egin die aitortza.

Ohikoa da, lasterketa amaitu berritan, korrikalariei indarrak hartzeko jaki eta edariak ematea, baita dominak ere. Duela bost urtetik, ordea, Korrika Festan parte hartzen duten neska-mutilek beste opari berezi bat ere jasotzen dute Jalgune elkarteko kideengandik: irribarreak. 

Aurtengo edizioan ere lan eta lan ariko dira gazte eta begiraleak, haurrei saritxoak ematen. Baina ez ditugu soilik Okendo plazan ikusiko; helmuga-lerroa ere zeharkatuko dute, 1 zenbakidun dortsala soinean daramatela.

Zer esan nahi du zuentzat aurtengo kroseko 1 zenbakidun dortsala eramatea? Nola hartu duzue albistea?

Sorpresa handia izan zen guretzat. Krosa oso egun polita da Lasarte-Orian, herri guztia elkartzen duelako: haurrak, gazteak eta helduak. Aurten modu desberdin batean parte hartzeko aukera izango dugu, eta oso pozik gaude. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaileei, pausoka-pausoka aurrera jarraitzeko eta zabaltzeko aukera paregabea eskaini digutelako.

Zenbat urte daramatzazue krosean laguntzen?

2011. urteaz geroztik, gure 20. urteurrena ospatu genuenetik daramagu haurrak eta helduak azkeneko metroetan animatzen. Aurtengoan ere, irribarre gozo batekin itxarongo ditugu helmugara iristen diren haurrak. Gure egutegian nabarmena bihurtu da egun hori; urte askotarako izatea espero dugu!

Aurten ere Korrika Festako gaztetxoak indarberrituko dituzue, edo gauza bereziren bat egingo duzue?

Hor ibiliko gara aurten ere, beti bezala, lasterkarien satisfazio aurpegiak ikusten helmuga zeharkatzerakoan, eta saritxoak emango dizkiegu.

Horrez gain, kirol arropa jantzi eta kroseko helmuga zeharkatuko dugu gure 1 zenbakidun dortsalarekin! Oso momentu berezia izango da guretzat, eta oso harro sentitzen gara Jalguneko gazteek dortsal hori eramateaz.

Krosean bakarrik ez, herriko beste hainbat ekitalditan ere presente egoten zarete.

Ahal dugun guztietan hartzen dugu parte, oso gustura: gu beti saltsa denetan egoteko prest! 

Gabonetako ospakizunetan hartzen dugu parte, Olentzeroren eta Errege Magoen desfileetan. Inauterietan eta Euskal Jaietan ere egoten gara, eta San Pedroetan ere bai. Euskararen Maratoian ere aritu gara.

Bestalde, hainbat elkarterekin jarduera desberdinak egiten ditugu urtero: txokolatada Hermandad del Rociorekin, dantza Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, futbol-partidak Ostadar taldearekin... Zabaletako festetan eta Sasoeta-Zumaburu eskolako jaietan ere parte hartzen dugu.

Ekitaldi horietako bat da abenduaren 3ko egunaren motiboz [urritasuna duten pertsonen nazioarteko eguna da] antolatzen duzuen jaialdi erraldoia.

Jada murgilduta gaude aurtengoaren antolaketan. Ospakizuna bikoitza izango da, 25 urte egiten dituelako Jalgunek, eta aurtengo jaialdia hamargarrena izango delako. Beraz, hamar urte hauetako momentu bereziak gogoraraziko ditugu, eta, beti bezala, sorpresak egongo dira. Jalguneko lagunekin gozatzeko aukera aparta izango da, eta aprobetxatu nahi dugu herritar guztiak gonbidatzeko.

Kanpora irteerak ere egiten dituzue. Ez zarete aspertzen, inondik ere!

Aspertu? Hori ez dakigu zer den! Urtero hiru asteburupasa egiten ditugu, baina aurten Extremadurara joan gara astebetez, 25. urteurrena ospatzeko. Zoragarria izan da bidaia!

Gaur egun zenbat kidek osatzen duzue Jalgune?

Une honetan hamar begirale eta hemezortzi gazte gaude.

Mende laurden daramazue lanean. Zein helbururekin?

Jalgune 1991n sortu zen, behar bereziak zituzten gazteen gurasoen behar batzuei erantzuteko. Egunean zehar zentro desberdinetan ibiltzen ziren arren, ohartu ziren aisia bete gabe gelditzen zela.

Hor jaio zen Jalgune, eta hasierako helburua mantendu egiten da gaur egun, baina 25 urte hauetan zabaldu egin dela uste dugu, aisia betetzeaz gain, gazteak herriaren parte eta ezagunak izatea lortu dugulako.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zuen erronkak?

Erronka da Jalguneko funtsa zabaltzea eta gure 'familia' handitzea. Herriko elkarte bat den heinean, ezinbestekoa da guretzat horren parte sentitzea, aisialdiko guneetan eta momentuetan egon eta parte hartuz. Aldi berean, gure ametsak pixkanaka betetzen joan nahi dugu!