Irailetik aurrera, geldirik egoteko aitzakiarik ez

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ira. 9a, 13:00

Lasarte-Oriako udal kirol instalazioen bazkide direnek kirol eskaintza ugari edukiko dituzte eskura irailetik aurrera. Udalak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu herriko zenbait kirol elkarterekin; prest dauzkate 2017-2018 ikasturterako proposamenak

Gure herriko udal kirol instalazioen bazkideek hainbat jarduera berezitan hartu ahalko dute parte irailetik aurrera. Lasarte-Oriako Udalak lankidetza hitzarmenak sinatu zituen zenbait kirol elkarterekin joan den ikasturtean, eta, udako atsedenaldiaren ondoren, prest dituzte 2017-2018 sasoirako kirol proposamenak.

Yoga klaseak eskaintzen ditu Yogalasartek, %20 merkeago. Astelehen eta asteazkenetan 09:30etik 11:00etara eskainiko dituzte saio horiek, eta 20:30etik 22:00etara astearte eta ostegunetan.

Saito gimnasioak ere prestatu ditu eskaintza erakargarriak. %25eko beherapenak egingo ditu honako saioetan: spinning, aerobik, step, zumba, pound fit, jumping-fitness, muskulazioa eta entrenamendu pertsonalak. Astelehenetik ostiralera eskainiko dituzte aipatu saio horiek, 11:00etatik 17:00ak arteko ordu-tartean (zentroan libre geratzen diren orduetan antolatuko dituzte entrenamenduak).

Zaldi gainean ibiltzen ikasi nahi dutenek aukera ederra edukiko dute Miracampos hipika zentroan. Hamar saioko bonua %20 merkeago eskuratu ahalko dute udal kirol instalazioen bazkideek. Asteazken eta ostiraletan 18:30ean hasiko dira eskolak; 13:00etan larunbatetan eta 17:30ean igandean.

Gero eta indartsuago ari den diziplina da Crossfit izenez ezagutzen dena. Koroibos zentroak hiru hilabeteko bonuak eskaintzen ditu, 135 euroren truke. Astearte eta ostegunetan izango dira lan-saio gehienak: 07:00etatik 08:00etara, 10:30etik 11:30era eta 20:30etik 21:30era. Astelehen eta asteazkenetan, berriz, ordu tarte jakin eta bakar batean: 13:15etik 14:15era. Aipatutako horiek dira Lasarte-Oriako eskaintza bereziak.

Udalak Buruntzaldea eskualdeko kirol-lankidetza hitzarmena sinatu zuenez gero, Lasarte-Oriak eta bertako kiroldegiko bazkideek kanpokoak diren zenbait eskaintza berezitan ere parte hartu dezakete. Esaterako, Buceo Donosti elkarteak urpekaritza ikastaroak eskaintzen ditu, %10 merkeago. Donostian dago baita ere La Perla talasoterapia gunea. Zenbait eskaintza prestatu ditu ikasturte berrirako: %15eko deskontua sasoian jartzeko talaso-zirkuituan, eta %10ekoak banakako tratamenduetan (masajeak, estetika, hidromasaje bainuak, etab.). 

Zarautzen dagoen Spa Gym zentroak, bestalde, %20ko deskontuak egingo ditu honako jardueretan: spa zirkuitua, masajeak eta tratamendu bereziak. Azkenik, Urbil merkatal zentroan dagoen Eroski Bidaiak agentziak %5 merketuko ditu hainbat bidaia.

Udal Kiroldegiko ikastaroak

Artikulu honetan aipatutako jarduera bereziak dira aurtengo kirol eskaintzetako berrikuntza nagusiak. Dena den, badaude kirola egiteko are aukera gehiago, Udal Kirol Zerbitzuak eskaintza zabala prestatu baitu aurtengo ikasturterako ere. Haur zein heldu, hamaika dira aurten egin ditzaketen ikastaroak.

Helduentzat pentsatu dituzten jardueren artean, badaude batzuk gaitasun fisikoa hobetzea xede dutenak: zumba, tonifikazioa, jump, indoor ziklismoa eta body pump. Bestalde, aerobik klaseak ere eskaintzen dira, eta beste hainbat ere bai: pilatesa, giharren mantenurako saioak eta stretching delakoak (giharrak luzatzeko saioak). Igerilekuan, uretan murgilduta egitekoak diren jarduerak ere aukeratu ahalko dituzte herritarrek. Acuagym eta zumbaerobic dira udalak eskainiko dituen jarduerak aurten. Irailaren 11n hasiko dira ikastaro horiek denak, eta datorren urteko ekainaren 15ean bukatu.

Gaztetxoenek ere ez dute izango aspertzeko aitzakiarik. Hiru kirol jardueratan oinarrituko da aurtengo eskaintza: gaztezunba, txikizunba eta kirol-ludotekak. Horrez gain, igeri egiten ikasteko edota hobetzeko saio eta aukera ugari jarriko ditu udalak herritarren eskura.  Antolatzaileek aditzera eman dutenez, haurtxoentzako klaseak larunbat goizetan izango dira. Era berean, jakinarazi dute egun gehiagotan egin ahalko direla igeriketa-teknifikazio saioak. Aurreko urteko egunez gain, astearte eta ostegunetan ere emango dituzte saioak.

Ikastaroen prezioei, egunei, ordutegiei, ordaintzeko aukerei eta beste hainbat gauzei buruzko informazioa eskuratzeko, bide bat baino gehiago dituzte interesa dutenek. Deitu dezakete 943 37 61 82 telefonora, esaterako. Bestela, gerturatu daitezke Udal Kiroldegiko bulegora, goiz zein arratsaldez: 10:00etatik 12:00etara, edo, bestela, 17:00etatik 19:00etara. Interneten ere eskuratu daiteke jarduera horiei buruzko informazio gehiago: lasarte-oria.org web orrialdean.