Iñigo Altuna: "Lasterketa aldapatsuetan moldatzen naiz hobekien"

martin-vicioso 2017ko ots. 24a, 13:00
23 urte azpikoen mailan egin du debuta Iñigo Altunak (1998), Grupo Eulen Jira-Bira taldearekin. Hasi berri den denboraldira begirako erronkak eta sentsazioak helarazi dizkigu txirrindulari gazteak

Aurretik erronka zaila duela konziente da Iñigo Altuna (1998), baina itxaropentsu da hasi berri duen errepideko denboraldiarekin. Kategoria berrian estreinatu da ziklista lasarteoriatarra.

Denboraldia hasi berri duzue. Zer moduzko sentsazioak dituzu orain arte?

 

Ziklokrossean nahiko ondo aritu naiz, Gipuzkoako Txapelketa irabazi baitut. Errepidean, berriz, oraintxe hasi gara Ipar Euskal Herrian. Oso gogorra izan da, talde profesional batzuen aurka lehiatu behar izan gara, baina esperientzia oso ona izan da. Konsziente gara ez dela denboraldian zehar topatuko dugun maila.

23 urte azpikoen mailara egin duzu jauzi aurten, eta talde berri batean zaude. Nola doaz entrenamenduak? 

Gogorrak. Ordu gehiago entrenatzen ditugu, eta kilometrajea asko igo dut. Hala ere, emaitzak onak dira. Orain arte jasotako datuak eta egindako testak positiboak dira.

Zorte txarra eduki zenuen Espainiako Ziklokros Txapelketan.

Bai. Laugarren urtea da Euskadiko selekzioarekin joan naizela. Hasiera batean, ez nuen joateko asmorik, baina emaitza onak nituela ikusirik eraman nau taldeak. Azkena atera ondoren, lehenengo hamarretan kokatzea lortu nuen, eta eroriko batengatik ezin izan nuen ondo bukatu. Pena izan zen, batik bat, UCI puntuak banatzen dituztelako lasterketa horretan, eta datorren denboraldirako eskertuko nituzkeen puntu horiek ez nituelako eskuratu.

Zein modalitatetan ariko zara hemendik aurrera? 

Udara pasa arte errepidean aritzea egokitzen zait. Datorren urtera begira, halere, taldeak ziklokrossaren aldeko apustua egingo du, eta bertan izango naiz ni ere.

Erosoen non sentitzen zara? 

Sentsazio ezberdinak dira. Errepidea fisikoagoa da, eta aldapak jartzen zaitu zure tokian. Are gehiago Euskal Herrian, non lasterketa gehienek duten mendateren bat. Ziklokrossean teknikak garrantzia handia du. Bietan aritzen naiz gustura, baina badakit etorkizuna errepidean dagoela. Izan ere, profesional mailara jauzia ziklokrossean ematea oso gutxik lortzen dute.

Euskal Herriko egutegia orain hasiko duzue.

Asteburuan Zumaian dugu froga, hasiera batean sprintean amaituko den lasterketa batean. Datorren astean Espainiako Kopa lehiatuko dut Asteasu, Billabona, Aduna eta Alkizatik igarotzen den ibilbidean, Aiztondo Sarian. Oso txirrindulari onak etorriko dira, eta irabazleak normalean profesionaletara egiten du jauzi, lehenago edo beranduago. Nire lehenengo urtean halako lasterketa batean parte hartzea oparia da niretzat.

Denboraldiaren zatirik gogorrena udaberrian dator.

Bai, kargarik handiena apirila eta maiatza aldera dator. Bidasoako eta Nafarroako Itzuliak hor ditugu, guretzako garrantzitsuak diren beste hainbat txapelketekin batera, Gipuzkoako eta EAEko txapelketak kasu. Taldearen helburua txapelketa horietan aurrean egotea da. Nahiz eta denboraldia orain hasi, helburu nagusiak hor daude. Horregatik, hilabetez hilabete nahi dugu maila hobetzen joan helburuak finkatuz eta aurrera pausoak emanez.

Ze erronka jarri dizkiozu zure buruari?

Urte gogorra izango dela badakit. Berria naiz taldean eta kategorian. Ikusita Essor Basque-n itxura ona eman dugula, bai nik eta bai taldeak orokorrean, itxaropentsu gara. Ahal den guztia ikasten saiatu behar dut, kategoriara ahalik eta azkarren moldatuz. Ea hilabete batzuetan ihesaldietan egoten hasten garen eta, zergatik ez, lasterketaren bat lehiatzen.

Essor Basque sarian lehiatu zinen.

Bi talde kontinentalek hartu zuen parte bertan. Erritmoa askoz ere azkarragoa zen, kontinentalak aurrean jarri baitziren lasterketaren azkartasuna bideratzen. Esperientzia bezala, oso polita izan zen, ia profesionalak diren txirrindulariekin korritu genuen.

Ze lasterketa modalitatetan moldatzen zara hobekien?

Nire ezaugarri fisikoak kontuan hartuta, aldapan gora nabil hobekien. Lasterketa gogorrak gustatzen zaizkit, aldaparekin. Egutegian denetik dagonez, denetara moldatu beharko dut, eta niretzat aproposak ez diren karrera horietan taldekideen aldeko lana egingo dut.

Zein txirrindulari duzu gustuko edo erreferente?

Gogoko dut Haimar Zubeldia, gertutasunagatik. Hemendik atera zen txirrindularia da, eta 37 urtekin hor jarraitzen du, goi mailan. Bere azken urtea izan daiteke, baina txiki txikitatik hor eduki dut erreferente moduan eta bere pausuak jarraitzea gustatuko litzaidake.