Lehenengo urtea du Iñigo Altunak 23 urtez azpiko kategorian, eta pixkanaka bere maila ari da erakusten. Santikutz klasikoan mendiko saria irabazi zuen, eta maldetan trebea dela frogatu zuen berriro asteburuan, Beasingo Loinaz sarian.
Mendiko saria irabazteaz gain, hirugarren sailkatu zen helmugan. Caja Rural taldeko Jaime Suredak baino 11 segundu gehiago behar izan zituen lasarteoriatarrak. Mendian ez ezik, txirrindulari azkarra ere badela erakutsi zuen Altunak. Hiruko taldetxoan ailegatu zen helmugara, eta hirugarren postua borrokatzeko sprintean nagusitu zen.
Igandean, Pentekostes saria ere lehiatu zuen Jira Bira Grupo Eulen taldeko txirrindulariak. Aurreko eguneko esfortzuaren ondoren, ez zuen emaitza onik lortu ahal izan. Hala ere, lasterketa amaitu zuen Altunak, irabazleak baino zazpi minutu beranduago.