Iñigo Altuna ederki Santikutz klasikan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 2a, 13:34
Grupo Eulen Jira-Bira taldeko txirrindulari lasarteoriatarrak mendiko sailkapena irabazi zuen atzo jokatutako Espainiako Kopako lasterketan. Lehen denboraldia du afizionatu mailan, eta ederki ari da moldatzen.

Ezin hobeto ospatu du Iñigo Altuna txirrindulariak bere 19. urtebetetzea. Igandean itzali zituen kandelak, eta mendiko sailkapena irabazteagatik mailot berdea jantzi hurrengo egunean, Espainiako Kopako probetako bat den Santikutz klasikan. Lasarteoriatar gaztea aurten ari da estreinakoz afizionatuen mailan, eta ederki ari da moldatzen. Astelehenean egindakoa da horren erakusgarri.

Emozioz beterikoa izan zen 151 kilometro luze zituen lasterketa. Deskargako igoeran hautsi zen 40 partaide inguruko tropela. Hamar txirrindularik osatu zuten ihesaldia: Mauricio Orozco, Elias Tello, Eduardo Llacer, Oscar Cabedo, Alvaro Cuadros, Diego Noriega, Eusebio Pascual, Anderson Maldonado, Lopez Cozar eta Sergio Samitierrek. Azken horrek poltsikoratu zuen garaipena.

Deskarga jaitsi ostean, hamar txirrindularietako bakar batek ere ezin izan zituen gainontzekoak atzean utzi, eta sprintean erabaki zen dena. Esan bezala, Sergio Samitier (Lizarte) izan zen bizkorrena. Elias Tellok (Kuota Paulino) eta Alvaro Cuadrosek (Caja Rural-Seguros RGA) osatu zuten podiuma. Iñigo Altuna ere igo zen podiumeko koska gorenera, mendiko sailkapena irabazteagatik mailot berdea janztera. 

Debuta afizionatu mailan

Iazko denboraldia bukatu arte Buruntzazpi taldearekin ederki aritu eta gero, Grupo Eulen Jira-Bira taldearen koloreak jantzi eta afizionatu mailara egin du jauzi Iñigo Altunak. Entrenamenduz entrenamendu, kilometroz kilometro, txirrindulari gisa formatzen jarraitzea du xede herritarrak, eta, zergatik ez, egunen batean pelotoi profesionaleko kide izan.

Bizikleta ikasketekin uztartzen du Altunak: Ingeniaritza Mekanikoa ari da ikasten, Mondragon Unibertsitatean. 11-12 urterekin ekin zion pedalei eragiteari, eta gaur arte. Pedalkadaz pedalkada, kategoria eta talde berrira ederki egokitu dela erakutsi du beste behin. Datozen probetan erakutsitako maila mantentzea du helburu.