Inflexio puntu bat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urt. 23a, 13:32

Hasi eta berehala sartu du 1-0ekoa Ostadarrek, eta hobeto aritu da lehen zatian. Bigarrenean Tolosa izan da nagusi, eta, berdindu ostean, aukerak izan ditu Michelindik hiru puntuak eramateko

Hiru partida zeramatzan punturik bildu gabe Erregional Gorengoan lehiatzen ari den taldea. Egutegiaren zati gogorrenean murgilduta daude urdin-beltzak: Billabona, Euskalduna, Roteta, Tolosa, Astigarraga Mundarro eta Hernaniren aurkako norgehiagokek osatzen dute lasarteoriatarren Tourmaleta. Lehenengo hiru portuak eskalatu ostean, beste hainbeste porrot erdietsi dituzte. Tolosaren aurka lortu du Ostadarrek bolada txarra etetea. Inflexio puntu bat. 

Aurkariari hozka egitera irten ziren urdin-beltzak Michelingo zelaira, gol gosez. Eta berehala lortu zuten, 1-0ekoa sareratu baitzuen Adei Zarra aurrelari gazteak. Abagune oso garbi bat eduki zuen handik gutxira lasaitasunaren gola erdiesteko, baina geldiketa bikaina egin zuen Tolosako atezainak. Ez ziren askoz gauza gehiago gertatu aurreneko 45 minutuetan. Presio itogarria egin zuen Ostadarrek zelai osoan, eta nekez atera zezaketen baloia tolosarrek. Lortu zuten bizpahiru aldiz, baina ez zuten gol aukera nabarmenik sortu. Normalean josi egin behar izaten dira jokaldiak, gola sartzeko aukera izateko. Zenbaitetan, ordea, nahikoa da arerioaren huts larriren bat baliatzea. Mota horietako jokaldi bat gol bihurtzeko zorian egon zen Tolosa: aurrelariak baloia lapurtu zion Asier Urruzola erdiko atzelariari, eta Iñigo Otaegiren aterantz joan zen, ziztu bizian. Atezain gazteak irabazi zuen aurrelariaren aurkako duelua, eta bikain geratu zuen haren jaurtiketa. Atsedenaldian, 1-0.

Bigarren zatia, Tolosarentzat

Lehenengo zatia ez zen oso ikusgarria izan, baina talde bat nabarmentzekotan, Ostadar izan zen. Bera izan zen nagusi aurreneko 45 minutuetan. Bigarren zatia ikusi eta gero, aldiz, ez dago zalantzarik: jaun eta jabe izan zen Tolosa. Berdinketaren gola lortu zuenetik, batez ere. Eskuin hegaleko atzelaria bakarrik iritsi zen area ertzera, eta erdiraketa bere ate barruan sartu zuen Andoni Sanchez erdiko atzelariak. Kosta zitzaion Ostadarri kolpe horri buelta ematea; nahiko lan zeukaten tolosarren erasoaldiak eteten. Partida amaitzeko gutxi falta zela iritsi zen arratsaldeko jokaldi polemikoena. Sanchezek Otaegiri eman zion pasea, baina indar gutxirekin, eta aurrelariak ostu zuen baloia. Otaegiren ate ingurura iristean, baloia loratu zuen, baina geldiketa ikusgarria egin zuen atezainak, eskuineko eskuarekin. Aldaratzea aurrelariak hartu zuen, eta aterantz zihoanean erori egin zen lurrera. Bazirudien Otaegik ukitu egin zuela jokalaria, eta penalti garbia zela. Epaileak ez zuen horrela ikusi, ordea: interpretatu zuen bere burua apropos bota zuela lurrera aurrelariak, eta txartel horia atera zion. Santander Ligan jokaldiak berrikusteko erabiltzen duten VAR sistema erregional kategorietan ez dagoenez, ezin ikusi benetan gertatu zena. Epaileak erabakitakoarekin konformatu behar.

Markagailua ez zen gehiago mugitu, eta puntu banarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek. Pozik zeuden Ostadarrekoak, bigarren zatian asko sufritu eta gero saria jaso zutelako. Tolosakoak, berriz, burumakur, partidaren azkeneko minutuetan bizpahiru gol aukera oso garbi baliatu ez zituztelako, eta uste zutelako irabaztea merezi izan zutela. 

Larunbatean lortutako puntuarekin, 25 ditu honezkero Asier Aizpurua eta Ander Rekondok zuzendutako taldeak. Goiko postuetan ekin zioten denboraldiari, baina azken asteetako emaitza txarrak tarteko, sailkapenaren erdialdean daude orain. Dena den, gertuago daukate bosgarren postua (zortzi puntutara) hamalaugarrena baino (hamahiru puntutara). Datozen jardunaldietan goikoen trenera igotzen saiatuko dira berriro.