Larunbateko partidak bukatu eta berehala, Xabi Azaldegi finalistak komeriak zituen belauniko egoteko, kazetariek sarituen talde argazkiak atera bitartean. Ez da harritzekoa: sekulako ahalegina egin zuten Iñaki Garciak eta berak 29. Squash Txapelketa Sozialeko final handian. Bosgarren eta azken jokora arte inork ez zekien nork altxako zuen txapeldunaren garaikurra. Gauza bakarra zegoen argi: bietako edozeinek merezi zuen, ikuskizun ederra eskaini baitzuten.
Hasi eta segituan ikus zitekeen bi finalisten arteko neurketa luzerako joango zela. Beso ugariko olagarroak bailiran, pilota guztietara iristen ziren Garcia eta Azaldegi. Teknika bainoago, erresistentzia fisikoa izan zen gakoa.
Azaldegik irabazi zuen lehenengo jokoa, 17-16. Garciak berehala erantzun zion kolpe horri (5-15). Hirugarrenean berriro aurreratu zen gerora txapeldunorde izango zena, 15-12 gailenduta. Hortik aurrera erakutsi zuen Garciak jokalari zaildua dela eta esperientzia gehiago daukala finaletan: 4. eta 5. jokoak poltsikoratu (15-17 eta 6-15) eta hirugarrenez irabazi zuen squash txapelketa. 2013an eta 2015eko ediziotako kopak ere etxean dauzka.
Kontsolazioa eta 3. postua
Iazko txapeldun Iker Cañedok osatu du txapelketako podiuma. Kinin Calvoren aurka jokatu zuen, 3. postua nork eskuratuko. Lau jokotan nagusitu zen Cañedo: 12-15, 15-13, 15-11 eta 15-13. Kontsolazio fasea, berriz, Oswal Cañedok irabazi du, Diego Santana gailenduta. Lau joko behar izan zituen: 16-17, 15-3, 15-9 eta 15-4.
Azken urteetako palmeresa
Hainbat jokalarik irabazi dute squash txapelketa hamarkada honetan:
- 2010: Agustin Erkizia.
- 2011: Alberto Udabe.
- 2012: Kinin Calvo.
- 2013: Iñaki Garcia.
- 2014: Kinin Calvo.
- 2015: Iñaki Garcia.
- 2016: Iker Cañedo.
- 2017: Iñaki Garcia.