Igoera fasetik gertu jarraitzen du Ostadarrek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 1a, 11:15
BKL Beasainen aurka 41-48 galdu zuen Ostadar SKT-k asteburuan. Hala ere, senior hirugarren mailako gizonezko taldea sailkapeneko hirugarrena da, bigarrenarekin berdinduta. Liga amaitzeko lau partida faltan, igoera fasea jokatzeko aukera du

Ez zuen asmatu Ostadar SKT taldeak pasa den larunbatean. BKL Beasainen kontra partida gorabeheratsua jokatu zuen Maialen Chourraut kiroldegian, atzetik hasi eta amaituta. Markagailua 41-48 emaitzarekin utzi zuten, eta taldea gizonezkoen senior hirugarren mailako liga probintzialean sailkapeneko hirugarrena da.

Urdin-beltzek gaizki hasi zuten partida; baina ordulariak aurrera egin ahala, buelta ematea lortu zuten, eta atsedenaldira berdinduta heldu ziren. Bigarren zatian, ordea, zonakako defentsa egin zieten beasaindarrek, eta Ostadarreko jokalariek ez zuten jakin erasotzeko modua topatzen. Lehiakideak aldentzen joan ziren, baina amaieran zazpi puntugatik besterik ez zuten irabazi. 

Ander Otaegi jokalari lasartearrari entrenatzaile lana ere egitea egokitu zitzaion oraingoan: "Ez nuen asmatu, galdu egin baikenuen". BKL sailkapenean atzetik bada ere, haien kontra jokatutako denboraldiko bi partidetan galdu egin dute. Horren gakoa, taldearen ezaugarrietan egon daitekeela uste du: "Ekipo gazteagoa da, gurea baino handiagoa eta fisikoki indartsuagoa". Izan ere, Ostadar 20 eta 41 urteko hamalau lagunek osatutako talde anitza baita. Batzuk urtetan saskibaloian ibili dira, eta beste batzuk, aldiz, taldea sortzearekin batera hasi ziren kirol horretan. 

Igoera edo Kopa

Edonola, lau partida faltan, igoera lehiatzeko aukera dute oraindik. Sailkapeneko lehena den Getariko Keta Babyauto Sharks-ek ia ziurtatua du bi tokietako bat, orain arteko partidetan inor ez baita haiei irabazteko gai izan. Bigarren postuan, aldiz, une honetan, Larramendi ikastola eta Ostadar SKT berdinduta daude, donostiarrek saskiratze alde hobea badute ere. 

2014-2015 denboraldian lehiatzen hasi zirenetik, denboraldi guztietan egon dira igoera fasetik gertu, nahiz eta azkenean maila aldaketa ez lortu. Aurretik dituzten partidek erabakiko dute sailkatu edo Kopara doazen. Batera ala bestera, taldekideak konforme egongo direla uste du Otaegik. "Badakigu ez garela igoko. Igotzen bagara ondo, eta bestela, ere. Gure helburua ez da talde lehiakorra sortzea liga jokatzeko. Argi dago galtzeak haserretzen gaituela, baina zaletasuna da. Entrenatu eta kirola egin".

Asteburuan, C. D. Internacional izango dute aurrez aurre. Denboraldi honetan jokatu zuten azkenekoan aise irabazi zieten donostiarrei. Larunbat arratsaldean Intxaurrondoko Mons kiroldegian garaipena errepikatzea espero dute Ostadarreko kideek.