Igeriketaren ikuspegi guztiak zabaltzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 29a, 15:33
2017-18 denboraldiari ekin dio Burutzaldea IKTk, Gipuzkoako Federazioko galan zortzi sari jasota. Baina haurrentzako eskaintzaz gainera, Master, Estiloak eta Triatloi atalak zaintzen ditu taldeak, igeriketaren alor guztiak herritarrei zabaltzeko helburuz

Buruntzaldea IKT denboraldi berrian murgildua dago dagoeneko, eta talde bezala hazten jarraitzeko helburuak argi ditu.  Alebinen, infantilen eta juniorren taldeek ongi lehiatu dute pasa den ikasturtean, eta emaitzei eusteko hasi dira entrenamenduak prestatzen. Horren erakusgarri, pasa den astean Gipuzkoako Federazioko galan jasotako sariak: zazpi banako sari eta taldekako bat. Baina Buruntzaldea IKTk igeriketaren ikuspegi zabala eskaini nahi du, eta, horretarako, hiru atali arreta berezia prestatu die: Masterrak, Estiloak eta Triatloiari. 

"Orain arte egin dugun guztia lantzen eta hobetzen jarraituz, nahi ditugu hiru lerro horiek indartu", azaldu dio Txintxarri-ri Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko arduradunak. Masterren atala lehendik martxan jarri dute, eta emaitza onak eman dizkie. "Urtero 30-40 igerilari dauzkagu, bakoitza bere helburuarekin". Astean hirutan entrenatu dezakete, eta ordutegi desberdinak dituzte eskuragarri.

Aurten Triatloi atala sortu dute. Modu horretan, kirol horretan dabiltzanak aukera izango dute igeriketa entrenatzeko. "Ez da talde bezala lehiatzeko, baizik eta beste triatloi taldeetan daudenei entrenatzeko aukera emateko". 

Bestalde, igeriketa hobetzea helburu duenak badu era parte hartzaile batean horretarako atal berezi bat. Estiloak atala astegunetara pasako dute; 2006. urtea baino lehen jaio direnentzat, errendimenduzkoa ez den igeriketa mota da. Astean bitan entrenatuko dute, astearte eta ostegun arratsaldetan. Informazio gehiagorako: buruntzaldeaikt.blogspot.com/ webgunea.