Igandean hasiko da zaldi lasterketen udako sasoia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 20a, 10:31
“Kolokan” egon da Hipodromoko zaldi lasterketen udako denboraldia. Espero baino beranduago, baina azkenean egingo dela iragarri du Donostiako Udalak. Igande honetan hasiko da, hilaren 26an, eta irailaren 11n bukatu. Tartean, 43 lasterketa zortzi jardunalditan. Uztailean jokatuko da lehena, beste bost abuztuan eta irailean azkeneko biak.

Lasaitu ederra hartu zuten turf-zaleek iragan astean, Donostiako Udalak iragarri zuenean zaldi lasterketen udako denboraldia igande honetan hasiko zela. Madrilgo 'La Zarzuela' hipodromoan lasterketarik gabe geratu ziren martxoan eta zale, profesional eta elkarte desberdinak beldur ziren Hipodromoan ez ote zen antzeko zerbait gertatuko. Kostata, baina ados jarri dira azkenean Donostiako Udala eta hainbat elkarte. 

SFCCE Zaldien Heziketa Sustatzeko Elkartea da horietako bat. Berak erregulatu ditu zaldi lasterketak azken urteotan, baina zorrak direla eta hartzekodunen konkurtsoan sartu zen 2014 amaieran. Horrez gain, elkarteari botere erregulatzaile hori ematen zion hitzarmena abenduaren 2an amaitu zen. 

SFCCEk esan zuen bideragarritasun plan bat bazeukala, bazituela baliabideak bere lanarekin jarraitzeko, baina lasterketak erregulatzen jarraitu behar zuela horretarako. Horren aurrean, Espainiako Hipodromoen elkarteak adierazi zuen SFCCEk ez zeukala gaitasun nahikorik zaldi lasterketak erregulatzen jarraitzeko. 2014ko abendua zen.

Zaldi lasterketarik ez dago horiek erregulatuko dituen elkarterik ez badago. Horren harira, akordio batera iritsi ziren otsailaren 6an SEPI Partizipazio Industrialen Espainiako Sozietatea eta CSD Kirolen Kontseilu Nagusia. Hipika Federazioak erregulatuko zituen lasterketak; La Zarzuelako eta Hipodromoko lasterketak salbu zeuden.

Akordiora iritsi arren, sinadura atzeratu egin zen; azkenean, Hipika Federazioak eta SFCCEk adostu zuten azken honek egitea lan horiek ordura arte bezala, denboraldia gehiago ez atzeratze aldera. 
La Zarzuelako hipodromoak ez zuen ebazpen hori onartu eta lasterketak bertan behera geratu ziren. Hipodromoak ere bazuen arrisku hori, ez baitzegoen argi noren esku zegoen lasterketak erregulatzeko boterea. Donostiako Udalak udako denboraldia gauzatzeko asmoa adierazi eta elkarte horiekin guztiekin bildu zen. SFCCEk erregulatuko ditu azkenean lasterketak. Kostata, baina ados jarri dira alde guztiak azkenean.

43 lasterketa udaran
Casino Kursaal sariak irekiko du udako denboraldia, igande honetan. Abuztuaren 3an Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria jokatuko dute; Maria Cristina saria berriz, abuztuaren 9an. Zita garrantzitsuenetako bat 15ean izango da; Urrezko Kopa jokatuko da. Eusko Jaurlaritza sariaren txanda izango da 23an, eta Nazioarteko Criterium-a 31n jokatuko dute.

Irailean izango dira sasoiko azken bi jardunaldiak, 7an eta 11n. Azkeneko horretan jokatuko dute Donostia Saria. Aipatutako sariez gain, beste hainbat lasterketaz ere gozatu ahalko dute zaleek jardunaldi horietan guztietan. Hastear da udako denboraldia.

Mendeurrena 2016an
Udako denboraldia antolatu izanaz gain, Hipodromoak baditu pozteko beste arrazoi batzuk ere: 100 urte beteko ditu datorren urtean. Donostiako Udaleko Sustapen zinegotzi Ernesto Gascok horri buruz hitz egin zuen joan den astean: “Estatuko osoko turf-aren hiriburu bilakatuko da Hipodromoa. Horrez gain, datorren urteko mendeurrenerako prestatzen hasi da jada. Ia 100 urte horietan zehar zaldi lasterketei urtero eutsi dien bakarra izango da Hipodromoa”.