Iaz egindako lanaren sariak jasota, denboraldi berria hastera

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 26a, 20:26
Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak protagonista izan dira 2017/2018 denboraldiko galan. Bederatzi sari jaso dituzte denera: zortzi bakarkako eta taldeko bat. Iaz egindako lan bikainaren uzta jasota, are gogotsuago ekin diote sasoi berriari

Euskal Herri osoko eta nazioarteko igerilekuetan iaz sartutako ordu kontaezinek eman dute fruitua: txapelketetako dominez eta lortutako marka berriez harago, 2017/2018 sasoiko igeriketa galan hainbat sari irabazi dituzte Buruntzaldea IKT taldeko igerilariek: zortzi bakarkako eta taldeko bat. Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolatzen du ekitaldia.

Ordiziako Herri Antzokian elkartu ziren guraso, ahaide eta lagunek gogotik txalotu zuten igerilariek egindako lana. Txema Zumarraga, Xabier Infante eta Javier de Aymerich entrenatzaileak ere omendu zituzten; hainbat urtez kirolariak prestatzen aritu ostean erretiroa hartu dute hiruek. Tolosaldea, Aloña Mendi eta Konporta klubetan aritu dira, hurrenez hurren. Hiruen ibilbide urteak pilatuta, mende batez baino gehiagoz aritu dira belaunaldi desberdinetako igerilariak prestatu eta trebatzen. Mundu mailan igerian aritzen diren Jesica Vall eta Lidon Muñoz ere joan ziren galara.

Bederatzi sari, bi ligatan

Buruntzaldea IKTko bost igerilari altxa ziren garaikurrak jasotzera. Igerilekuko ligetan aritzen dira hiru, eta ur irekietakoan beste biak. Bederatzi sari irabazi zituzten denera. 

Nahia Zudaire igeriketa egokituan aritzen da. Sekulako denboraldia osatu zuen iaz, Dublingo Europako txapelketan lehiatzeraino. Abuztu erdialdean aritu zen, sekulako maila erakutsiz: parte hartu zuen proba guztietan sailkatu zen finalera, eta bost marka pertsonal berri lortu zituen. 14 urterekin, txapelketako igerilari gazteena izan zen. Bi sari jaso zituen pasa den asteburuko galan: Neguko eta Udaberriko Ligakoak, igeriketa egokituko kategorian; 1.188 eta 3.302 puntu pilatu zituen.

Neguko Ligan sari gehiago irabazi ditu Buruntzaldea IKTk. Esaterako, taldekako lehiaketan bigarrena izateagatik. Garaikur indibidualak ere bai: infantil mailan Leire Martin izan da txapelduna; ahizpa Ainhoa, berriz, hirugarrena. 152 eta 114 puntu batu zituzten. Taldeka ere lan ederra egin zuten infantilek, eta bigarren saria irabazi dute, 647 punturekin.

2003an jaiotako nesken artean, denboraldi amaierako sari nagusia eraman du etxera Leire Martinek, eta hirugarrena ahizpa Ainhoak.

Itsas zeharkaldien ligan, E kategorian, txapeldunorde izan da Nerea Santos. Iker Felipe ere ederki aritu da eta hirugarren postua lortu du.