Horrelakoa da futbola

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 15a, 19:30
Joko erakustaldia eskaini zuen Ostadar SKTk atzo arratsaldean, Michelingo futbol zelaian. Jokaldi onak, aukera garbiak...baina ez zuen golik sartu. Intxaurdi aurkariak bai, ordea. Donostia aldera joan ziren hiru puntuak: 0-1

Futbola, izatez, 'sinplea' da: bi taldek jokatzen dute elkarren aurka, eta gol gehien sartzen dituenak irabazten du. Edo, bestela esanda, gutxien jasotzen dituenak. Hitzez esatea erraza da, garbi ulertzen da, ez dauka aparteko misteriorik. Gero, ordea, zelaira atera behar dute hamaika jokalarik, eta aurkariaren ate ingurura iristeko baloia mugitu behar dute alde batetik bestera, ahal duten azkarren, ahal duten akats gutxienak egiten. Eta, hori lortuta ere, arerioaren ate aurrean jarri behar dute, atezaina non dagoen ikusi, eta baloia hiru zutoinen artean sartu. Beraz, bai, nahiko sinplea da jokoaren azalpena, baina praktikan jartzea beste kontu bat da.

Lehenengo paragrafoan azaldutako urrats denak egin zituen Ostadarrek gola sartu ahal izateko. Kolore guztietako aukerak sortu zituen 90 minutuetan zehar: hegaletatik arriskuarekin iristen eta aurrelariei erdiratzen, geldikako jokaldiak aprobetxatzen, area kanpoko jaurtiketen bitartez...baina ez zegoen modurik. Sinestezina dirudi, baina batzuetan baloiak bizitza propioa daukala ematen du. Eta, ate barrura sartu nahi ez duenean, jai daukate taldeek. 

Aurreneko segundotik irten zen Ostadar hiru puntuen bila. Merezita poltsikoratu zituen aurreneko hiruak duela bi aste, baina iragan asteburuan esku-hutsik itzuli zen Ordiziatik. Sailkapenaren goikaldean egotea dute helburu, eta puntu asko behar dira horretarako. Beraz, garbi zeukaten: irabazi egin behar zioten Intxaurdiri, nola edo hala. Aurreneko zatiko 30. minutuan partidua geratu zuen epaileak: bero zen Michelinen, eta hidratatu egin behar zuten jokalariek. Ordura arteko balantzea honakoa da: Ostadar izan zen nagusi, aukera guztiak euren jokalarien oinetatik sortu ziren, baina husnakoa islatzen zuen markagailuak. Beste datu bat: Intxaurdiren entrenatzaileak hiru aldaketa zituen eginak dagoeneko. Ez dakigu zein helbururekin, baina bere asmoa partiduaren erritmoa hoztea bazen, lortu zuen. Aldaketek eta ura edateko tarteak kalte egin zien urdin-beltzei, eta atsedenaldira joan bitartean ez zuten aparteko arriskurik sortu. Halere, ikusleek garbi zuten: Ostadarrek irabazten joatea merezi zuen. Baina, arestian aipatu bezala, futbolak ez du merezimenduez gehiegi ulertzen. Golak sartzea da kontua, eta, aspektu horretan, biak zebiltzan berdin: 0-0.

Aukera bakarra, eta asmatu

Topikoz josia dago futbola. Aspertu arte entzuten eta irakurtzen diren esaldiz betea. Horietako bat honakoa da: barkatzen duenak, ordaindu egiten du gero. Topikoak, esan bezala, aspergarriak izan daitezke, baina uste baino gehiagotan betetzen dira. Hori pasa zen larunbatean: barkatu egin zuen Ostadarrek, ez zuen ate aurrean asmatu, eta kontua ordaindu behar izan zuen azkenean. 

Esplikatu dugu honezkero hamaika abagune izan zituela Ostadarrek markagailuan aurretik jartzeko. Intxaurdik, kontrakoa: aukera garbi bakarra sortu zuen, eta ezin hobeto aprobetxatu ere bai. 0-1ekoa sartu zuen. Etxeko taldeko jokalari eta zaleek gogotik protestatu zuten, esanez jokoz kanpo zegoela aurkaria, baina epaileak ontzat eman zuen. Kolpe gogorra izan zen hori urdin-beltzentzat.

Horrelako egoeren aurrean, bi modutara erreakziona daiteke: besoak jaitsi daitezke, eta etsi, edo gola jaso aurretik baino are indar gehiagorekin saiatu daiteke partiduari buelta ematen. Bigarren bidea aukeratu zuen Ostadarrek, baina bukatzean ez zuen jaso saririk, oso-oso gertu geratu arren: bi baloi jaurti zituen zutoinetara. Beraz, 90 minutuak amaitzean, Donostia aldera joan ziren hiru puntuak.

Aurreneko paragrafora itzulita, 'sinplea' da futbola. Bat eta bat gehitzea bezala, ia. Hitzez bai behintzat: aurkariak baino gol gehiago sartu behar dira irabazteko. Matematika eta estatistikekin jarraituz, honakoa ondoriozta daiteke, portzentaje zehatzik eduki gabe ere: partiduro arerioak baino hobeto jokatzen duenak, aukera gehiago sortzen dituenak, gola sartzeko meritu gehiago egiten dituenak, partidu gehiago irabazten ditu, galdu baino. Atzo arratsaldean porrota izan zen urdin-beltzen uzta. Bai. Ez zuen golik sartu. Ados. Baina gauza zailenetako bat egin du honezkero, liga hasi eta hiru jardunaldi eskas jokatuta: badaki zertara eta nola jokatu behar duen, badaki zein den bidea. Bidea, urratsez urrats egiten da. Eta, batzuetan, urrats bat egin behar da atzera, gero bi emateko aurrera. Horrelakoa da futbola. Eta bizitza.

Jardunaldiko emaitzak

Hainbat kategoriatako taldeek jokatu dute asteburu honetan. Hona emaitzak:

Erregional Preferentea (5. jardunaldia): Santo Tomas Lizeoa 2-1 Ostadar SKT.

Ohorezko Jubenila (5. jardunaldia): Ostadar SKT 3-1 Amaikak Bat.

1go jubenila (5. jardunaldia): Urnieta KE 4-0 Ostadar SKT.

Ohorezko Kadetea (5. jardunaldia): Martutene 1-4 Ostadar SKT.

1go kadetea (5. jardunaldia): Euskalduna SD 0-5 Ostadar SKT.