Hiru Handiak lasterketarako prest da Javi Olazagoitia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 19a, 12:30
Ehun kilometroko mendi proba osatuko du korrikalari lasarteoriatarrak asteburuan: "Ongi prestatu naiz"

Urteko helburua zapuztu zitzaion uztailean, Ehunmilak lasterketa ekaitzagatik bertan behera geratzean. Baina azkar batean jarri zuen hurrengo erronka: Hiru Handiak lasterketa egingo du Javi Olazagoitiak. Ostiraletik larunbaterako gauerdian aterako da Murgiatik, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri igotzeko. Ehun kilometroko lasterketa da.

Uztailean lortutako sasoi puntuari eutsi dio Olazagoitiak, eta "etxeko lanak eginda" aurkeztuko da gaur irteerara. "Asko eta ongi entrenatu dut denbora honetan. Orain bakarrik eguraldiak errespeta gaitzala behar dugu". Hain justu, oraindik gogoan du Ehunmilak lasterketan gertatutakoa. Helburua ere finkatu du: "Orain bi urte 15 ordu 35 minututan egin nuen. Ea denbora hori hobetzen dudan". 

Bestalde, nabaria da errepideko lasterketa garrantzitsuak gerturatzen ari direla. Izan ere, Lasarte-Oria Bai! Krosaren atarian, hainbat lasterketa egin dituzte azken boladan. Joan den igandean 40 herritarrek parte hartu zuten Hiru Hondartzetako Krosean. Raul Gomezek hamar kilometroak 33 minutu baino gutxiagoan egin zituen, seigarren helmugaratuta. Igande honetan Donostiako 15 kilometroko lasterketan izango da, eta faboritoen artean dago.

Bizkaia aldean ere izan dira beste batzuk. Esaterako, Xabi Carcedok Zornotza-Bilbo lasterketa egin zuen urriaren 7an.  22 kilometro gorabeheratsuak 1:27 denboran egin zituen, eta hamahirugarren postuan helmugaratu zen.