Hesietan azkarrena dela erakutsi du Bustok

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 14a, 19:30

Eneritz Busto lasarteoriatarra 100 metro hesietan onena izan da Espainiako junior mailako txapelketan. Gutxigatik ez du lortu Udako Europako Txapelketara sailkatzea. Dena den, denboraldi borobila egin du beste behin LOKEko atleta gazteak

Maila bikaina erakutsi du berriro ere LOKE taldeko Eneritz Bustok  junior mailako Udako Espainiako Atletismo Txapelketan. Urrezko domina etxeratu du lasarteoriatar gazteak 100 metro hesidunetan,  kronoa 14.16 segundutan geldituz.

Zapore gazigozoa duen garaipena izan da. Izan ere, bederatzi ehunekoengatik ezin izan du txartela lortu Italiako Grosseto hirian jokatuko den junior mailako Udako Txapelketarako.

Dena den, nagusitasunez irabazi zituen Bustok parte hartutako lasterketa guztiak, nahiz eta lehenengoan erorikoa izan. Zilarrezko domina bereganatu zuen Mar Ramirezek baino segundu hamarreko bat azkarrago amaitu zuen froga. Africa Radsmarena izan zen brontzea.

Atletak azaldu duenez, erorikoaren ondorioz, min hartu zuen sailkapen lasterketan, eta finalerdi eta finalean "arazoak" izan zituen hori dela eta. Dena den, "konpetitzeko grinari eta zorte pixka bati esker" urrea bereganatu zuen Bustok.

Promesak

Ederki aritu da, aldi berean, Maria Eugi promesa mailako Udako Espainiako Atletismo Txapelketan.

200 metroko frogan parte hartu zuen Atletico San Sebastian taldeko lasarteoriatarrak. Finalerdietan zazpigarren denborarik onena egin zuen Eugik, eta finalerako txartela eskuratu zuen kronoa 25:08 segundutan geratu ostean.

Lasterketa erabakigarrian, ordea, ez zuen zorterik onena izan lasarteoriatarrak. 25:55 segundutan amaitu zuen, finalerdietako postu bera eskuratuz. Halere, aurreko marka errepikatuz gero, bosgarren amaituko zukeen Eugik.

Atleta gazteak azaldu duenez, denboraldia "ona" izan da. Halere, txapelketa hasi baino bi aste lehenago min hartu zuen gihar politeoan, eta ezin izan zuen bere mailarik onena eman. Dena den, asteburu honetan absolutu mailakoan lehiatuko da Bartze-
lonan, 200 metroko frogan eta 4x100 metro txandakakoan.

Urtetan LOKE taldean aritutako Itoitz Rodriguez, bestalde, laugarren amaitu du 400 metroko froga. Yeray Veronizek, berriz, sailkapen froga gainditu arren, ezin izan zuen finalerako txartela eskuratu 100 metroetan.

Oro har, denboraldi bikaina egin dute atleta lasarteoriatarrek. Bai herriko LOKE taldean aritzen direnek, baita kanpoko taldeekin lehiatzen dutenek ere. Gehienek bukatu dute, baina absolutu mailan lehiatuko dira batzuk oraindik ere.