Herritarrak ederki aritu dira Getaria-Zarautzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 28a, 18:15
Asteburu honetan jokatu da hemen inguruko zeharkaldi jendetsuena: Getaria-Zarautz. 25 lasarteoriatarrek eman dute izena ia hiru kilometro igerian egiteko erronkan, eta 23k bukatu dute. Maila ederra erakutsi dute gure herritik joandako parte hartzaileek

Ia bi mila pertsonak bukatu dute Getaria-Zarautz zeharkaldia aurten. Lasarteoriatarrak izan dira horietatik 23. Ez zeukaten erronka makala aurrean: igerian osatu behar izan zituzten ia hiru kilometro (zehazki, 2.850 metro). 25 herritarrek eman zuten izena, eta ia guztiek bukatu dute. Pozik egoteko moduko datua da.

Distantzia luzeko igerilari zaildua da Xabier Elizegi, eta erakutsi zuen asteburuan. Bera izan da lasarteoriatar azkarrena. Sailkapen orokorrean 34. izan zen, eta lehenengo hamarren artean sartu zen bere kategorian (Master1), bederatzigarren denbora onena eginda: 36.17. Izaskun Salazar eta Juan Vicente Martin izan ziren hurrengoak: 40.50eko denbora egin zuten biek.
Iñaki Salaberria irundarrak eta Itxaso Alonso bilbotarrak irabazi zuten Getaria-Zarautz zeharkaldia. 31.47 eta 35.24an geratu zituzten kronometroak, hurrenez hurren.

Aurreko urteetan baino herritar dezente gehiagok amaitu dute proba aurten. Ia %50 gehiagok, aurreko bi edizioekin alderatuta: 23 lasarteoriatarrek (bederatzi emakumek eta hamalau gizonek) osatu dute aurten 2.850 metroko ibilbidea.