Herritar ugari atzo Getaria-Zarautz zeharkaldian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 27a, 12:53
Proba entzutetsua da Getaria-Zarautz zeharkaldia; hainbat jendek hartzen du parte urtero bertan. Horien artean egon dira aurtengoan hainbat lasarteoriatar ere. 15 herritarrek lortu zuten atzo proba bukatzea.

Manhattanera joango da Xabier Elizegi etzi, MIMS frogan parte hartzera. Atzokoa izan zen bidaiatu aurretik burutu zuen azken txapelketa. Sailkapen orokorrean 52. izan zen eta 30. bere kategorian. 38 minutu eta 48 segundo behar izan zituen proba burutzeko; herritarren artean Elizegi izan zen azkarrena.

Juan Vicente Martin izan zen hurrengoa, 40 minutu eta 31 segundotan geratuz kronometroa. Izaskun Salazar eta Pili Bodegas izan ziren helmugaratu ziren hurrengo lasarteoriatarrak. 208. eta 262. izan ziren hurrenez hurren. 

Ia elkarrekin sartu ziren Maurilio Rodriguez, Iñigo Arias eta Enaitz Ibarburu. 49 minutu eta 13 segundo behar izan zituen Rodriguezek eta handik 13 segundora iritsi zen Ibarburu.

Igor Amantegik ere lortu zuen 50 minutuetatik jaistea. 49 minutu eta 51 segundotan geratu zuen kronometroa. Laura Igea, Ismael Hernandez, Eneko Fernandez, Yoana Gonzalez, Ruben Villalon, Alvaro Garasa eta Oscar Gil herritarrek ere lortu zuten helmuga zeharkatzea atzoko Getaria-Zarautz zeharkaldian.