Herriko San Silvestre lasterketan izena emateko epea zabalik

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 17:12
Gaur ireki dute antolatzaileek Lasarte-Oriako I. San Silvestre lasterketan izena emateko epea. Abenduaren 27ra arte mantenduko dute irekita; interesatuek kirolprobak.com atarian eman beharko dituzte apuntatzeko beharrezkoak diren urratsak. 5 euro ordaindu beharko dituzte parte-hartzaile guztiek eta 16 urte eduki beharko dituzte gutxienez.

Hilabete pasatxo falta da oraindik Lasarte-Oriako I. San Silvestre lasterketa jokatzeko, baina ekitaldiak herrian sortu duen ikusmira ikusita antolatzaileek proban izena emateko epea ireki dute gaur. Abenduaren 27ra arte mantenduko dute irekita; kirolprobak.com atarian bete beharko dituzte interesatuek lasterketan parte hartzeko beharrezko urratsak. 5 euro ordaindu beharko dituzte lasterkari guztiek; 16 urte eduki beharko dituzte gutxienez. Txip edo antzekorik ez da beharko.

Familia giroan bapo afaldu eta 2016ari ongi etorria egin aurretik, gosea egiteko aukera edukiko dute herritarrek abenduaren 31n, Lasarte-Oriako I. San Silvestre lasterketan. 16:00etan hasiko da lasterketa Okendo plazatik; herrian zehar 6,2 kilometroko ibilbidea burutu ostean plazan bertan amaituko da. Okendotik atera eta Uistin kalean barrena egingo dute lasterka korrikalaek; Zumaburuko elizarantz abiatuko dira gero, Oriako poligonoak zeharkatu eta ibaiaren alboko bidegorritik zenbait kilometro eginez, Michelingo kiroldegia atzean utzi eta Okendo plazako helmuga zeharkatuz. 

Korrika egitea gustuko dutenez gain, Ipar Martxa edo Nordic Walking modalitatean ibiltzen diren herritarrek ere edukiko dute proban parte hartzeko aukera. Izen-ematea, proban parte hartzeko prezioa, baldintzak eta ibilbidea berdinak izango dira bi modalitatetako parte-hartzaileentzat. Beste zenbait lasterketatan patinekin ere ateratzen da hainbat jende, baina herriko San Silvestrean ezingo da gisa horretara burutu ibilbidea, antolatzaileek nabarmendu dutenez: "Ibilbidea ez da aproposena patinetan egiteko; pena ematen digu, baina azkenean modalitate horretan ez egitea erabaki dugu". 

Antolatzaileek zehaztu dutenez, hasiera batean ez dute mugarik jarri parte-hartzaile kopuruari dagokionean. Era berean, proba 16:00etan hastekoa bada ere, ordubete lehenago egingo dute Okendora gerturatzeko deialdia, aurtengoa lehenengo edizioa izaki aurkezpen ekitaldi bat prestatzeko asmoa dutelako. Hori ez da buruan duten ideia bakarra, adierazi baitute beharbada leku fisiko bat prestatuko dutela herritarrentzat, bertan ere izena emateko aukera eduki dezaten abenduko azkeneko asteetan. Dena dela, aipatu dute aurrerago emango dituztela xehetasun gehiago aipatutako proposamenen inguruan.

Bolondres bila

Lasterketan parte hartzeko modu bat baino gehiago edukiko dute herritarrek. 6,2 kilometroko ibilbidea gauzatzen ez dutenek bolondres moduan lagundu ahalko dute lasterketaren antolaketa eta prestaketan. Interesa dutenek Facebook bidez jarri beharko dute harremanetan antolatzaileekin. Lasarte-Oriako San Silvestre lasterketaren profilean sartu eta goikaldean 'Mezua' izeneko ataltxoan sakatu. Bertan idatzi beharko dira norberaren datuak.

Behin lasterketa amaitzean parte-hartzaileek aukera edukiko dute Udal Kiroldegian dutxatzeko. 

Ibilbidearen xehetasunekin bideo bat ere prestatu dute antolatzaileek. Hori ikusteko, egin klik hemen.