Haizearen aurkako "borroka psikologikoa"

Adrian Garcia 2018ko mai. 18a, 12:00
Trinko Iruñeako Distantzia Erdiko Triatloian izan da. Imanol Arteagak, Asier Gorostegik, Leonardo Juarezek eta Enaitz Ibarburuk proba osatu dute, bizikletako zatian majo sufrituta. Erronka beteta, Donostiako Onditz Triatloian dute orain hurrengo helburua

Distantzia erdiko trialtoia proba luzea da, ordu askoko ahalegina. Baina Iruñeako Half Triatloia egin dutenak bereziki bizikletako zatia gogoratuko dute. Eta ez gustura aritu zirelako. Lehenengo 30-40 kilometroak egin ondoren, hiribururantz bira egitean arerio gogorrenarekin topatu ziren aurrez aurre: haizea. Trinko taldeko lau kidek osatu dute lasterketa, Asier Gorostegik, Leonardo Juarezek, Enaitz Ibarburuk eta Imanol Arteagak. Denek bat egin dute. Bizikletako zatiak baldintzatu du proba: "Borroka psikologikoa izan da". 

1.000 kirolarik parte hartu dute, baina arazo gehiegirik ez dute izan irteeran. Allotzeko urtegian 1,9 kilometro egin dute igeri, zirkuitu batean. "Taldeetan ateratzen ginen, orduan ez zegoen arazorik", esan du Juarezek. Buietan bai jaso dituzte kolpe batzuk, baina aparteko zailtasunik ez dute izan aurrera egiteko. 

Badu berezitasun bat Iruñeako triatloiak. Bi trantsizioak toki desberdinetan egin dituzte, bizikleta urtegian hartu eta Iruñerako bidea hartu baitute, han lasterka egiteko. "Ondo egon da antolatua, ongi egin dute lan". 

Behin bizikleta hartuta hasi da sufrikarioa. "Lehen zatian oso ondo joan naiz. Baina gero nabaritu dut abiadura jaisten joan naizela", azaldu du Ibarburuk. Haizea aurka edukitzea nahikoa ez, eta ibilbidea ere hasi da gogortzen bigarren zatian. 85 kilometroko luzera du bigarren sektoreak. 

Haize zakarrak bultzatuta sortu da probaren polemika. Aurrekoaren gurpila hartzea debekatuta egoten da horrelakoetan, baina askok urratu dute araua. "Etsigarria da haizearen aurka sufritzen joatea, araua errespetatzearren, eta ilaran joandako lauko taldetxo batek zu aurreratzea", kexatu da Gorostegi. Epaileek urraketa horiek ikusi dituztenean ezikusiarena egin dute. 

Halere, batzuk bata bestearen ondoan joan beste erremediorik ez dute izan, espazio faltagatik. "Segun eta uretatik noiz atera, jende askorekin  elkartu zintezkeen errepidean. Eta denentzako tokia ez zegoen", dio Juarezek. 

Gainera, ezbehar txiki bat izan du Arteagak. Gurpila zulatu du hamar bat kilometroren faltan. "Oztopo bat gainditu nuen, baina hurrengoan txikitu nuen gurpila. Eta erortzetik gertu egon naiz". Denbora galdu arren konponketan, bost ordutik behera amaitu du proba.

Alde zaharrean korrika

Triatloi proba luzeetan ohikoa izaten da aurreko esfortzuek korrikako saioa baldintzatzea. Kasu honetan, are gehiago. Iruñeara iritsita, hiru bira eman dizkiote zirkuitu bati, alde zaharrean barrena. Polita bezain gogorra da ibilbidea; Santo Domingo aldapa hiru aldiz igo behar izan dute. 

Bizikletako sufrikarioa gorabehera, laurek gozatu dute  probaz, eta gustura geratu dira egindako denborekin. Beste distantzia erdiko probak eginak dituzte, eta ibilbidea gustatu arren, zalantzati agertu dira berriro izena emango ote duten galdetzean. Arteaga: "Azkenean urruti samar dago, eta denbora eskatzen du. Gainera, masifikatuegia dago nire ustez. Edozertarako ilara luzeak itxaron behar dituzu". 

Herritarren denborak

• Imanol Arteaga 4:59
• Asier Gorostegi 5:05 
• Leonardo Juarez 5:08 
• Enaitz Ibarburu 5:40