Hainbat marka ondu ditu Unai G. Somovillak Bartzelonan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 24a, 14:09
Lau segundo bizkorrago egin du igerian Unai G. Somovillak 100 bizkar eta bular probetan

Merezitako oporrez gozatzen ari da egunotan Buruntzaldea IKTko igerilari gazte Unai G. Somovilla, lan ederra egin izanaren satisfazioz. Alebin mailako Espainiako txapelketan lehiatu zen pasa den asteburuan, Bartzelonan. Hainbat marka ondu zituen herritarrak.

Bizkar estiloko 100 metroko proban aurretik zeukan marka birrindu egin du Somovillak. 01.11,53koa zen lehen (igerileku luzean), eta 01.07,67koa orain. Ia lau segundo bizkorrago egin du igeri txapelketa honetan. Bizkar estiloan ederki aritu da, eta baita bularrekoan ere, 100 metroko distantzian. Aurreko marka onena 01.20,67an zeukan ezarrita, eta nabarmen hobetu du hori ere: kronometroa 01.16,45ean geratu du Bartzelonan. Lau segundo eta 22 ehuneko bizkorrago osatu du proba hori.

Denbora puska horiek izan dute eraginik taldeko marketan. 100 bular proban egindakoa taldeko absolutu mailako errekor berria da, esaterako. 14 urteko bi errekorrak ere hautsi ditu.

Getaria-Zarautz zeharkaldian garaile

Infantil kategoriako Getaria-Zarautz zeharkaldia ere jokatu zuen Somovillak atzo, eta irabazi egin zuen. 800 metroko ibilbidea hamaika minutu pasatxotan osatu zuen igerilari gazteak.