Gure Etxea Beltzak, zazpigarren Espainiako Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 23a, 13:05
16 urte azpikoen taldea ezin izan zen Valladoliden jokatutako txapelketan nagusitu

Valladoliden egotea soilik, sari handia zen Gure Etxea Beltzak 16 urtetik azpiko taldeko kideentzat. Euskal Ligan sendotasunez nagusitu ziren, eta horri esker, Espainiako Txapelketan lehiatzeko txartela irabazi zuten.

Hasierako ligaxkan aurkari izan zituzten VRAC Quesos Entrepinares, Alcobendas eta Sitges. Partiduak formatu murriztuan jokatu ziren, 17 minutuko bi zatietan, alegia.

Larunbateko bi norgehiagokak galdu zituen Beltzak ZRT-k, eta hasierako fasea itxiko zuen Sitgesen kontra ere porrota jaso zuten igande goizean.

Portuense aurkari

Ligaxkako azken postuan amaitu ondoren, zazpigarren postua borrokatu behar izan zuten Atletico Portuense cadiztarren aurka. 17-0 atzetik hasi ziren gipuzkoarrak, eta bazirudien ez zutela garaipenik ikusiko txapelketan.

Momentu zailetan erakusten ohi dute talde bikainek euren benetako aurpegia. Eta hala egin zuen Gure Etxea Beltzak ZRT-k ere.

Bi entsegu lortu eta 17-14ra murriztu zuten andaluziarren errenta. Zaleek ez zioten animatzeari utzi, eta 17-19koa jartzea lortu zuten azkenean.

Taldeko arduradunak "harro" daude gazteek erakutsitako jarrerarekin eta urte osoan zehar egindako lan onarekin.

"Baliteke onenak, indartsuenak, handienak edota joko onena zutenak ez izatea, baina dudarik gabe, onenen artean geunden eta hori asko da", nabarmendu dute. Besterik ez bada, bizipen ikaragarria bizi zuten errugbilari gazteek, Lasarte-Oriak harrobi bikaina duela argi eta garbi utziz.