Gorostidi Harriaren X. edizioan aritu da Urtzi Telleria

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 28a, 14:30
Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du Gorostidi Harriaren aurtengo edizioa, jaso beharreko bost harriak bi minutu eta 25 segundotan berdinduta. Proba horretan hartu du parte Urtzi Telleriak ere; zortzigarren postuan amaitu zuen.

139 kiloko erreka harria, 150eko zilindro zaharra, 155 errektangular zaharra, 160ko zilindro zaharra eta 175eko zilindro zaharra. Bost harri horiek altxa behar izan zituzten igandean Gorostidi Harriaren X. edizioan -Adunan jokatu zen- lehiatu diren harrijasotzaileek. Bost harri horiek ahalik eta denbora gutxienean berdintzea zen erronka. Urtzi Telleria izan zen parte hartzaileetako bat.

Aimar Irigoien errezildarrak jantzi zuen txapela: bi minutu eta 25 segundo behar izan zituen erronka osatzeko. Azkeneko unera arte emozio handiko proba izan zen, segundo bakar bat gehiago baino ez zuelako behar izan Jokin Eizmendik. Telleria zortzigarren izan zen; sei minutu eta hiru segundo behar izan zituen bost harriak berdintzeko.

ETBk txapelketa oso-osorik emango du apirilaren 30ean, larunbatez, arratsaldeko lauetatik aurrera.