Gorka Alvarez: "Talde dinamika sortzea da gure aurtengo erronka nagusia"

martin-vicioso 2017ko uzt. 14a, 13:00

Gipuzkoako talde askotan entrenatzaile aritu ostean, Realeko deia jaso du Gorka Alvarez herritarrak. Ilusioz jaso du erronka, azken urteetako dinamika positiboa jarraitzeko asmoz

Ilusioz eta gogoz hartu du Gorka Alvarezek aurretik daukan erronka. Realeko bigarren entrenatzaile izendatu dute, Juanjo Arregirekin batera. Hastear den denboraldia nola ikusten duen azaldu dio Txintxarriri..

Añorga, Hernani, Mariño... ibilbide luzea egin duzu Gipuzkoako futbolean Realera iritsi aurretik.

Urte gehienak Añorgan eman ditut. Gehienbat, emakumezkoen taldean. Bigarren entrenatzaile izan nintzen, Unai Gazpiorekin batera, eta gerora taldea hartu nuen. Tartean, mutilen kadeteen entrenatzaile ere izan naiz. Iazko denboraldian esperientzia txarra izan nuen Usurbilgo mutilekin. Jende gutxi ginen, eta, horregatik, taldea uztea erabaki nuen. Hernanin aritu naiz aurten.

Hernanin, Euskal Ligan, seigarren amaitu duzue. Ze balorazio egiten duzu?

Esperientzia polita izan da eta oso gustora ibili naiz, egia esan. Bai klubetik jasotako tratuarengatik baita taldeak eskaini didanagatik. Azkenean, seigarren postuan amaitu dugu liga, nire ustez, merezi genuen lekuan. Halere, urtean zehar denbora gehiago igaro dugu behera begira, goiko postuetara baino. Hasierako helburua taula erditik gora amaitzea zen, eta hori lortu dugu. Azken urtetan, Hernani oso larri ibili da maila mantentzeko eta hori, behintzat, ekidin dugu.

Aurten, Juanjo Arregiren bigarren entrenatzaile izendatu zaituzte Realean. Nola hartu zenuen albistea? 

Euskal Liga amaitu eta bizpahiru astetara jaso nuen lehenengo deia Realetik. Emakumezkoen futbolean hainbeste urte igaro ostean, harremana osatzen duzu batzuekin eta besteekin. Eskaintza jaso nezakeela esan zidaten, nire izena zenbait eztabaidatan ageri zela. Egun batzutara, eskaintza jaso nuen, lehenengo entrenatzailea nor izango zen jakin gabe.

Gipuzkoarra eta Reala gertutik bizi izan duen pertsona izanik, horrelako deia jasotzea pozgarria eta berezia da. Harridura puntu bat ere sentitu nuen. 15 urte inguru daramatzat entrenatzaile lanetan, eta Lehen Mailatik gertuago egon nintekeen Añorgan nenbilenean. Orduan ez nuen planteatzen Realaren deia iritsi zitekeenik, baina orain, Hernanin maila xumeago batean arituta, ez nuen inondik inora espero.

Juanjo Arregi aurretik ezagutzen zenuen?

Bai. Oso harreman ona dugu, gainera. Bitxia da kasua. Izan ere, Realak aparte deitu gaituelako gure funtziorako. Sinatzerako orduan, ez genekien batera arituko ginela. Nik poz handia hartu nuen bera entrenatzaile izango zela jakin nuenean. Añorgako emakumezkoen taldea uzterakoan, hark hartu zuen. Transmisio horretan sortu genuen harremana. Hurrengo denboraldian, berriro ere, ni izendatu ninduten entrenatzaile. Futbol iritziei dagokienez, antzeko ikuspegia dugu. Beraz, pozik nago arlo horretan ere.

Aurredenboraldia gertu duzue.

Egia esan, nahiko berandu hasiko gara aurten, hilaren 28an. Normalean, astebete lehenago hasi izan dira, baina prestatzaile fisikoekin hitz eginez erabaki da pixka bat atzeratzea. Denboraldia oso kargatuta amaitu dute, eta pentsatu dugu astebete hori lagungarria izango zitzaiela.

Aldaketak egon dira taldean. Kapitainak –Aintzane Encinas– eta esperientzia duten zenbait jokalarik taldea utzi dute. Prestatze lan handia dago denboraldia hasi aurretik?

Bajak egon diren arren, uste dut taldea, oro har hartuta, nahiko egina dagoela. Bestalde, bai Juanjok baita nik ere urte asko eman ditugu emakumezkoen futbolean. Hark Euskal Selekzioan eta nik Añorgan, Mariñon, Hernanin... Ondorioz, jokalariak asko ezagutzen ditugu. Batzuk guregatik pasa direlako, eta beste batzuk egindako jarraipenagatik edo sortutako harremanagatik. Esperientza duen jendeak taldea uzteak beti eragiten du, baina ez dut uste blokea asko ukituko denik. Bizpahiru fitxaketa egin ditugu taldea indartzeko asmoarekin, baina oinarriak azken urtetakoa izaten jarraituko du.

Joko estiloari dagokionez, aldaketak egingo dituzue?

Askotan esan izan da entrenatzaile aldaketarekin joko aldaketak etortzen direla. Ez dut uste goitik beherako aldaketarik egongo denik. Gure ideiak pixkanaka sartu nahiko ditugu, baina iraultza handirik egin gabe.

 

Bloke gaztea izan arren, urte asko pilatu dituzte lehenengo mailan. Nola ikusten duzu taldea zentzu horretan?

Emakumezkoen futbola asko aldatzen ari da. Bereziki, lehenengo mailan. Jokalariak gero eta gazteago iristen dira elitera, eta, aldi berean, ibilbidea gehiago luzatzen dute. Lehen ohikoa zen 24 edo 25 urterekin futbola uzten hastea. Puntako taldeetan, batez ere, 29 urteren bueltako jokalari dezente daude. Egia da gure taldean halako gutxi daudela eta talde gaztea garela. Gure gazteek esperientzia dute, eta futbol mailari dagokionez prest daude.

Beste jokalari garrantzitsu batzuek ere kontratua berritzeko hautua egin dute, proiektuak konbentzitzen zituela argudiatuz. Baikor izateko arrazoiak daude?

Bai. Uste dut Reala urratsak ematen ari dela emakumezkoen taldea indartze aldera. Nahikoak ote dira? Zaila da jakitea, baina pixkanaka ari dira. Beste talde batzuek pauso apalagoak ematen dituzte, eta Reala nahiko sendo ari da zentzu horretan. Jokalari guztiek kontratua daukate, esaterako. Aldi berean, proiektua indartzen ari da eta jokalari garrantzitsuek ere hemen jarraitu nahi dute, bai etxekoek baita kanpotik ekarritakoek ere. Kanpoko jokalari askok ere hona etorri nahi izatea ere gauzak ondo egiten ari garen seinale da. Emaitzek ere lagundu dute. Izan ere, Igor San Miguelek bi denboraldi oso on egin ditu. 

Iaz Realak ez zuen liga oso ondo hasi, baina indartsu amaitu zuen eta Espainiako Kopan Bartzelona kaleratzetik gertu ibili zen. Bolada ona baliatzen ahaleginduko zarete?

Oro har, Realaren kirol maila goraka doala uste dut. Igor San Miguelen lehenengo urtean eskuratutako bosgarren postu hura izugarria izan zen. Emaitzak ez ezik, ondo jokatzea lortu zuen taldeak. Bigarrenean, esan bezala, hasiera pattalago horrek pixka bat zigortu zuen. Gerora, ziklo onak izan dituzte,  sentsazioak berreskuratu dituzte sei edo zazpi partida jarraian irabazita. Liga ondo amaitu zuten eta Kopan gertatutakoa pena izan zen. Realaren eta Bartzelonaren artean zentzu askotan dagoen alde hori zelaian erabat murriztua izan zen eta luzapenera joan zen kanporaketa. Edozeinek irabazi zezakeen. 

Aurkariek, Bartzelonak eta Atletico de Madrid-ek esaterako, talde indartsuetatik egin dituzte fitxaketak. Zailagoa izango da talde handiekin lehiatzea?

Diruari eta aurrekontuari dagokionez aldea handia da eta ez da erraza haien kontra aritzea. Bestalde, Europako taldeek ere bertan bilatzen dituzte jokalariak, eta aurten esaterako, Frantziako PSG-k Bartzelonako Jennifer Hermoso sinatu du; Ligako jokalari onenetako bat, alegia. Halere, ikusi dut Manchester City-tik aurrelari berria ekarri dutela –Toni Duggan–, diferentziak markatzeko gai dena. Askotan, talde horiek daukaten onena aulkia izaten da. Hamaikakotik at geratzen diren jokalariak maila mantentzeko edo hobetzeko gai dira zelairatzeko unea iristean, eta hori indargune garrantzitsua da. Gure helburua aurten hori sendotzea da, eta egindako fitxaketekin hori bilatu dugu. 

Emakumezkoen Lehen Mailak aurrerapausoa eman du?

Ligak gero eta maila handiagoa du, nahiz eta Europako indartsuenen artean oraindik ezin dugun kokatu. Zentzu horretan prest egon behar gara. Babesle garrantzitsuak sartu dira eta telebistan gero eta partida gehiago ikus daitezke. Ikusgarritasunean hobetu da, gizonezkoen futbolarekin aldea izugarria den arren. Halere, futbolak berezko interesa pizten du, eta beste kirol batzuek baino gehiago. Gainera, gertuko kasuak ditugu ikusteko beste kirol batzuetan, nahiz eta munduko edo olinpiadetako txapeldun izan, oihartzuna eta dirulaguntzak laburragoak direla.

Ze urrats eman beharko lirateke Liga indartze aldera?

Hurrengo urratsa klubek beraiek eman beharrekoa da. Ez da erraza, eta seguru aski, estruktura profesional baten barnean kokatuta dauden taldeek ireki behar dute bidea. Realak, esaterako. Ligak helburu markatu duen ‘profesionalizazio’ horretan, kontratu eta baldintza duinak lortzea da garrantzitsua. Realean, zorionez, baldintza horiek betetzen dira. Ekonomikoki ez gaude beste batzuen parera, baina aberatsagoak diren klub batzuek baino baldintza hobeak eskaintzen ditugu. Dena egunean betetzen dugu, eta instalakuntza eta prestakuntza aldetik baliabide onak ditu Realak. Barrutik klub guztiek lanketa hori egitea da beharrezkoa. Xehetasun batzuk ere hobetu beharko lirateke. Adibidez, aurten Erreginaren Kopa Madrilen belar artifizialean jokatu izana lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan. Klub bakoitzak bere baliabideak ditu, baina Ligak badu ahalmena halako lehiaketa bat zelai duinagoan jokatu arazteko. 

Realak gaur egun ez du bigarren talderik. Jokalari gazteentzako zubi lana egiten lagunduko luke?

Gipuzkoako emakumezkoen futbolean urtetan bueltaka dabilen gaia da hori. Beharra da eta, aldi berean, beldurra. Puntako taldeei erreparatuz, harrobiarentzako estruktura beharrezkoa dela esan genezake. Gertura begiratuta, Athletic-era esaterako, berdin. Izan ere, hirugarren taldea aterako du aurten. Gipuzkoan, zorionez, harrobia landu duten ibilbide luzeko taldeak ditugu. Reala sortu zenetik bertatik lortu ditu etekinak. Baina talde horiek ere beren interesak dituzte, eta  azkenaldian asko hazi diren taldeak daude, Eibar eta Oiartzun kasu. Ondo aztertu beharreko gaia da, onurak eta kalteak aztertuz. 

Realean jokatzen duen lasarteoriatarrarekin, Iraia Iparragirrerekin, hitz egiteko aukerarik izan duzu?

Harekin hitz egiteko aukera izan dut. Harremana dut harekin. Izan ere, beste bi etapatan egon naiz Iraiarekin. Ostadarreko entrenatzaile nintzela eta oso gazte zela, partida batzuk jokatu zituen gurekin. Gerora, Añorgan ere entrenatzeko aukera izan dut. Oso gustura egon ginen etapa hartan. Ilusioa egiten dit, alde batetik, goi mailan jende ezagunarekin berriro ere topo egiteak. Hark pozik eta gogoz dagoela helarazi dit. Egia da aurten talde dinamikan gehiago sartu dela, asko jokatu ez duen arren. Lehenengo urtean lesioarekin zorte txarra eduki zuen. Asko eman diezagukeen jokalaria dela uste dut.

Talde handiekin lehiatzetik gertu da Reala?

Ez dut esango goi mailako taldeen mailara ailegatzen ari garenik, baina haiekin lehiatzeko gai garela erakusten ari gara. Gertuago gaude eta iazko bukaera indartsu horrek lagunduko gaitu, batez ere, denboraldi berriari konfiantzaz ekiteko.

Zein da datorren denboraldira begira erronka nagusia?

Ez naiz oso erronkazalea, nahiz eta barnean lanean ari garenok  gure buruari helmugak jarri. Gu berriak izanda, erronka nagusia lanean jendea gustora sentitzea da: talde dinamika sortzea. Iaz amaitutako bolada on horri jarraipena ematea gustatuko litzaiguke. Espainiako Kopa izan da azken urteetako ilusioa, eta aurten ere bertan egon nahi dugu. Baina, esan bezala, horretarako ezinbestekoa da lehenik gure arteko elkarlana finkatzea.