Gimnastikako kode berriarekin bueltaka

Adrian Garcia 2018ko ots. 9a, 11:15
LOKEko Gimnastika Erritmiko sailak denboraldia hasi du, Azpeitian jokatutako jardunaldian. Senior A taldeak ezin izan du taldea osatu, eta ez du lehiatu. Federazioak arauak moldatu ditu, eta nahaste handia sortu du kirolarien artean

LOKEko gimnastek hasi dute denboraldia, baina ez nahi zuten moduan. Azpeitian jokatu dute  Amateur txapelketako lehen faseko jardunaldia. Oro har, nahas pila handia egon da arauekin, kode berria ezarri baitu federazioak. "Gimnastika erritmikoan puntuazio kodea aldatzen dute Olinpiar Jokoen ondorengo urtean. Ondorioz, lau urtetik behin arau berri guztiak ikasi behar ditugu", azaldu du Maite Ruedak, LOKEko gimnastika erritmikoko arduradunak. Gimnastak ez ezik,  epaileek eta entrenatzaileek ere zailtasunak dituzte arau berriak barneratzeko, eta gaizki ulertuak ohikoak izan ohi dira lehen txapelketetan. Eta Lasarte-Oriako gimnastek sufritu dituzte ondorioak. 

Kadeteko bi taldeak sailkapeneko erdialdean eutsi diote. Kadete B kategoriako LOKE-Oriarte taldea hamargarren geratu da;  bi uztai eta hiru pilotekin lehiatu dute. Kategoria berberean, LOKE-Santa Teresa bederatzigarren geratu da; lau gimnasta dira, eta bi uztai eta bi pilotekin lehiatu dute. Lehen aldia da talde honek Lasarte-Orian entrenatzen duela, orain arte haien ikastetxean egiten baitzuten. Guztira, hamasei talde daude Kadete B kategorian. 

Senior A norbanakoetan, aldiz,  Alazne Gonzalez sailkatu da hoberen, seigarren postuan. Meritua du gimnastak, lehen urtea baitu kategoria gorenean. Aizpea Arroyo zortzigarren sailkatu da; Garazi Gomez hamabosgarren; eta Ainara Apeztegia hamaseigarren. Hemezortzi gimnastak parte hartu dute kategoria horretan. 

Bestalde, Senior Ako taldeak ezin izan du lehiatu, taldekide bat gaixo jarri delako, eta, ondorioz, ezin izan dute taldea osatu. 

Urte zaila dute aurretik kirolariek eta entrenatzaileek, denboraldi osoa emango baitute kode berrira moldatzen. "Lehiaketa batetik bestera ere aldaketak egin dituzte, orain arte egin ez dutena", kexatu da Rueda. Gipuzkoako bederatzi elkartek idatzi bat igorri diote federazioari, eskatzeko aldaketak pixkanaka ezartzeko. "Ez du askorako balio izan".

Edonola ere, denboraldi berriari gogoz ekin dio LOKEko Gimnastika Erritmiko sailak. Rueda ez dago bakarrik; Amaia Calvo, Naiara Cid, Garazi Gomez eta Aizpea Arroyo entrenatzaileen laguntza du. "Horien lana gabe ezingo genuke aurrera egin". 

Handia da LOKEko saila; aurten gehiago hazi da, gainera. Benjaminetatik senior bitarteko kategoriak dituzte; 90 kirolari baino gehiago, denera, gehienak haurrak. "Oso pozgarria da horrenbeste gaztetxo ikustea. Lan egiteko gogoa pizten dizu". Ikasturte amaierako erakusketa izan ohi dute gimnasta gaztetxoenek zita garrantzitsuena.

Aurten berriro ere sortu dute benjaminen taldea; erakusketetan parte hartzen dute. LOKEk zailagoa du gaztetxo horiekin, beste elkarteetan haurrak bi urte lehenago hasten baitira gimnastika erritmikoan.  "Besteekin alderatuta, bi urte geroago hasten gara". Halere, aurten "talde ona" dute, eta topaketetan parte hartzera animatu dira. 

Senior A taldea 

Seniorrak maila gorenean jokatzen dute, A kategorian. Lau norbanako eta talde bat dituzte -bost pertsonek osatzen dute taldea-. Ahalegin handia egin behar dute neskek, ikasketak eta kirola uztartzen baitituzte gehienek. Eta zaila izaten dute elkartzeko denbora eta tokia aurkitzen. "Larunbat goizetan entrenatzen dugu askotan, lasai ibiltzen baikara pistan". 

Denboraldiko helburua argi du Ruedak: "Gipuzkoako txapelketan sartu behar dugu".  Azken urteetan bete dute erronka, eta Euskadiko Txapelketan ere lehiatu dira batzuk, "emaitza onekin". Haatik, ezkor samar dago aurten: "Kode berriarekin ez dakit nola ibiliko garen".