Gaztetxoentzako eskolatik hasi eta senior mailako taldeetara arte, kategoria guztietan lehiatuko da aurten Ostadar SKTren saskibaloi alorra. Hazten jarraitzen du sailak: zortzi talde aterako ditu denera. Inoiz baino gehiago.
Inoiz baino talde gehiago, inoiz baino kategoria gehiagotan: urteotan guztietan ez bezala, infantil mailako nesken taldea aterako du aurten Ostadar SKTk. "Zortzi urte betetzen dituztenetik, kategoriaz kategoria eta etenik gabe, herriko gazteek gurekin jokatu dezakete saskibaloian", nabarmendu du sailaren arduradun Endika Marrahik. "Hazten jarraitzen dugu".
Infantil Txikia eta Handia; Partizipazioko eta Errendimenduko kadeteak; Partizipazioko eta Errendimenduko jubenilak; eta Senior Probintzialeko 1go eta 3. mailako taldeak. Horietatik zazpi emakumezkoenak dira, eta gizonezkoena bestea (3. mailako Senior Probintziala). Horrez gain, 40 neska gazte inguruk eman dute izena saskibaloi eskolan.
Konpetizio ofizialak, laster
Abuztutik daramate jokalariek gogor entrenatzen, laster hasiko den denboraldiari aurre egiteko. Errendimenduko Junior taldea izango da goiztiarrena: datorren asteko larunbatean hasiko da ofizialki konpetitzen, Maialen Chourraut Kiroldegian. Atletico San Sebastianekin neurtuko ditu indarrak, 16:00etatik aurrera. Astebete geroago hasiko dira Errendimenduko kadeteak. Beste guztiak, urritik aurrera.
Sasoi puntu egokia hartze aldera, lagunartekoak ari dira jokatzen asteotan. Kadete mailako bi taldeak eta Errendimendu juniorrak Barañainera joango dira bihar. Lagunarteko bana jokatu (09:30ean, 11:15ean eta 13:00etan) eta eguna pasako dute han; Ostadar SKTk eta Lagunak taldeek are gehiago estutuko dute euren arteko harreman ona.