Gaur ireki da 28. Lilatoian izena emateko epea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 28a, 12:00
Datorren urteko martxoaren 5ean egingo da Lilatoiaren 28. edizioa. Oraindik hilabete batzuk falta dira, baina antolatzaileak martxan jarri dira honezkero. Hori dela eta, lasterketa horretan parte hartu nahi duten emakume guztiek aukera daukate izena emateko.

Otsailaren 15a izango da apuntatzeko azken eguna, edo lehenago agian, ordurako dortsal guztiak agortzen baldin badira. Izen-ematea www.kirolprobak.com web orrialdean egin beharko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 28. edizioaren leloa 'Pausoz pauso...ametsak lortuko ditugu' izango da. "Lilatoiaren filosofian oinarritutako leloa da, horiek ondo baitakite pauso txikiekin emaitza handiak lortzen direla", zehaztu dute. Era berean, nabarmendu dute “sorpresaz betetako lasterketa” izango dela datorren urtekoa.

Entrenamendu saioak

Lasterketaren eguna iritsi bitartean, Atletico San Sebastian klubarekin elkarlanean, 'Lila-Korrika' izeneko entrenamendu saioak egingo ditu Lilatoiak. Lehenengoa abenduaren 11n egingo dute, 10:00etan, Atletico SSren Kontxako instalazioetan. Izena emateko, lilaton@lilaton.es helbidera idatzi beharko dute horietan parte hartu nahi dutenek.