Garesti saldu du porrota Beltzakek Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 18a, 11:40
Hiru jokalari gutxiagorekin jokatu arren, duintasunez eutsi dio Babyautoko B taldeak Bilboko Unibertsitateari. Azkenerako, ordea, nabaritu dute desabantaila (5-48). Ohorezko B Mailako taldeak ozta-ozta irabazi dio Valladolideko El Salvadorri (18-17)

Asko saiatu arren, batzuetan ezinezko izaten da helburua lortzea. Horixe gertatu zitzaion aurreko asteburuan Babyauto Zarautz/Beltzak errugbi taldeari Michelinen. Hiru jokalari gutxiagorekin atera ziren zelaira, hamabirekin. Gainera, aurrean ez zuten edozein talde; Bilboko Unibertsitatea baizik, Euskal Ligako bigarren mailako hirugarren sailkatua. Lasarte-Oriako taldeak lan ikaragarria egin zuen defentsan, eta kosta egin zitzaien bisitariei lerroan barneratzea. Baina ez zen miraririk izan Michelinen; 5-48 gailendu ziren bilbotarrak. 

Etxeko taldeak hasieran ondo eutsi bazion ere, minutuak igaro ahala gero eta gehiago nabaritu zuten nekea. Hiru jokalariren hutsunea betetzeko biderkatu egin behar izan ziren, baina azkenerako, amore eman behar izan zuten. Nabarmentzekoa da aurrelarien lana; uztartzea sei lagunek osatu zuten, baina lortu zuten Bilboko zortzi jokalariri eustea. Hiru laurdenekoen presioari esker lortu zuten entsegua, partidaren lehen zatian. 

Bigarren zatian ausart jokatu zuten, jakin arren indarrak noizbait agortuko zitzaizkietela. Jokoa aurkariaren zelaira eramatea lortu zuten. Baina hiru jokalari gutxiago askotxo da; garesti saldu zuten porrota, baina bilbotarrak nagusi izan ziren.

Egindako lanaz harro

Emaitza gorabehera, Beltzak  ez ziren burumakur itzuli aldagelara, berezko desabantaila orekatzeko dena eman baitzuten. Julen Aristorena, Julen Cubreiro,   Xabi Prieto, Beñat Arroyo, David Vega eta Gorka Aristondo dira  B taldeko Beltzak. Asteburu honetan Igorrera (Bizkaia) egingo dute bisita, Arratiko Zekorraren aurka jokatzeko. Talde gogorra da bizkaitarra.

Bestalde, Babyauto Zarautzek, Ohorezko B Mailakoak, albiste hobeak ekarri zituen. Valladolideko El Salvador taldeari ozta-ozta irabazi zion Astin, Zarautzen (17-18). Ander eta Xabier Rekondo eta Adrian Apaolaza lasarteoriatarrak gogor borrokatu zuten garaipenarengatik. Seigarren postuagatik lehiatuko dute asteburu honetan Plentzian, Uribealdearen aurka.