Ikasturte berria hasi da, eta Buruntzaldea IKTko igerilariek ere laster hasiko dituzte entrenamenduak. Uda osteko etenaldiaren ostean, gogor ekingo diote aurtengo denboraldiari. Merezitako etenaldia amaitu berri dute igerilariek; denboraldia "gogorra" izan baita, baina egindako esfortzuek eman dute fruitua, eta emaitza "bikainak" lortuta amaitu dute, horiei eutsiz berriz ere hasteko.
Espainiako Txapelketa
Emaitza onak lortuta itzuli dira Buruntzaldea IKTko igerilari infantilak. Abuztu hasieran Madrilen jokatu den txapelketan aritu dira Leire eta Ainhoa Martin ahizpak, eta Aintzane Sarobe.
Ainhoa Martinentzat denboraldia "gogorra eta luzea" izan bada ere, "bikain" amaitu du, Borja Apeztegia entrenatzailearen esanetan. Txapelketako lehen egunean, 100 m. bular proban, finalerako sailkapena lortu, eta 1:13,46ko denbora eginda Espainiako txapeldunorde izan da. Marka pertsonala hobetzeaz gain, taldeko absolutu mailako errekor berria ezarri du. Hori nahiko ez, eta 50 m. bular proban ere marka pertsonala hobetu du.
Leire Martinek emaitza ona ondu du 400 metro lau estiloko proban. Finalerako sailkatuta, lehen postuetan mantendu da proba hasieratik: "Tximeleta eta bizkar estiloetan oso ondo moldatzen da". Azken 50 metroen faltan, bigarren postuari eutsi dio, eta 5:02,96ko denbora eginda, Espainiako txapeldunordea da. Euskadiko errekor berria ere ezarri du.
Aintzanerentzat lehenengo Espainiako Txapelketa izan arren, maila "bikaina" erakutsi du. 100 m. libre probako kanporaketan 1:02,84ko denbora eginda, aurretik zuen denbora (1:05) hobetzearekin batera, 14 urteko taldeko errekor berri bat markatu du. 200 m. libre proban ere marka pertsonal berria ezarri du, 2:18,44ko denbora eginda. Horrez gain, 50 m. librean 29,08ko denbora lortuta, marka pertsonala lortu du.
Nahia Zudaire Dublinen
Abuztuaren 13tik 19ra Dublinen egin den World Para Swimming Allianz European Championships txapelketan aritu da Nahia Zudaire, eta emaitza onak lortuta itzuli da.
200 m. lau estilo proban marka pertsonala hobetuta finalera sailkatu da, eta are denbora hobea lortuta (3:13,02) seigarren amaitu du proba. 400 m. librean ere 5:29,24ko denborarekin marka pertsonal berria ondu, eta Espainiako absolutu mailako errekor berria lortu du. Txapelketari amaiera borobila emateko, 50 m. librean Espainiako errekor berria egin du, baita 100 metro tximeletan ere.
2018-2019ko denboraldi hasiera
Irailaren 10ean ekingo dio Buruntzaldea IKT-k igeriketako denboraldi berriari, eta horretarako izen emate epea zabaldu du. Jakinarazi dutenez, klubaren webgunetik (www.buruntzaldeaikt.eus) bertatik eman behar dute izena interesatuek, baina inork arazorik izango balu, 696 506 632 telefono zenbakira dei dezake. Entrenamenduen egutegi eta ordutegiak ere bertan kontsultatu daitezke.
Kuotak ere webgunean bertan eman dituzte jakitera arduradunek. Oinarrizko kuota (astean bi edo hiru egunez entrenatuz gero) 57,00 eurokoa da, hilabetero. Igeriketa taldean senide bat baino gehiago dituzten familiek hobariak izango dituzte, eta DSBE laguntza jasotzen dutenek kuotaren %75 ordainduko dute, ezinbesteko ziurtagiria aurkeztuta. Sei kuota helbideratzen dira: urriaren hasieran, azaroaren hasieran, abenduaren hasieran, urtarrilaren hasieran, otsailaren hasieran eta martxoaren hasieran azkena. Hortik denboraldi amaiera bitarte ez da kuota gehiagorik ordaintzen.
Informazio gehiago nahi duenak, info@buruntzaldeaikt.eus helbidera idatzi dezake, edo 696 506 632 telefono zenbakira deitu.
Ederki itsas zeharkaldietan
Bestalde, Lasarte-Oriako igerilariek parte hartu dute udan egin diren itsas zeharkaldietan, emaitza onekin. Irlako zeharkaldian, esaterako, Leire Martinek bigarren postua eskuratu du. Irati Arzallusek zazpigarren postua eskuratu du hiru probatan. Izaskun Salazarren Master mailako hirugarren postua lortu zuen Paseo Berriko proban, eta maila berean, Xabi Elizegi laugarren izan zen Txingudiko Badian. Larunbata honetan Kontxako Badiako zeharkaldia jokatuko da.