Lehiaketa ofizialek etenalditxoa izan ohi dute Gabonetan, baina, halere, izango da hurrengo egunetan kirola egiteko aukera herritik bertatik mugitu gabe. Azken urteotan bezala, gaztetxoenentzako areto futboleko topaketa antolatu dute. Kirol Eskolakoek, alebinek eta infantilek abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra jokatuko dituzte partidak, Maialen Chourraut kiroldegian hasieran, eta Michelingo frontoian azkenak. Bestalde, saskibaloizaleek ere haien eguna izango dute, 3x3 txapelketa jokatuko baitute hilaren 30ean. Benjaminetik hasita senior kategoria arte, egun osoan baloi artean igaroko dute. Azkenik, urtea amaitzeko, San Silvestre lasterketa egingo dute hirugarren urtez, mozorroturik jai giroan ongi etorria emateko urte berriari.
Eguzki Areto Futbol taldea aurten sortu dute, herriko talde guztiak batuta, eta, beraz, lehen aldiz antolatu du Gabonetako topaketa Ostadar elkartetik kanpo. Kategoria bakoitzean zortzi talde arituko dira gehienez. Alebinean dagoeneko izen eman dute zortzi taldek, baina beste kategoriatan oraindik aukera dago parte hartzeko. "Futboleko elastikoak eta opariak emango dizkiegu parte hartzaile guztiei", esan du Gorka Redondo antolatzaileak.
Michelin frontoian
Hilaren 26ko astean ligaxka moduko bat jokatuko dute, eta azkeneko partida urtarrilaren 4an izango da. "Helburua da oporretan umeek ondo pasatzea. Bide batez areto futbola ezagutzen badute eta gustatzen bazaie, hobeto. Baina oinarria egitea ez da helburu nagusia", dio Redondok.
Haurrak direnez, adin nagusiko pertsona batek lagunduta joan behar dute partidetara, baina ez du zergatik entrenatzaile bat izan beharrik. "Aldaketak-eta egin ditzake, baina gehienbat haurrak laguntzeko da".
Oraingoz aurreikuspenak ez dira bete, eta iaz baino talde gutxiago daude izena emanda. Halere, giro polita sortzea espero du Redondok. "Batez ere haur txikienen partidetan sortzen da giroa. Gurasoak eta aiton-amonak joaten dira animatzera, eta haurrak primeran pasatzen dute. Ez dakite oso ondo jokatzen, eta jolas orduan bezala korrika ibiltzen dira baloiaren atzetik".
Bosgarren aldiz, 3x3
Urte bukaera dagoeneko zita saihestezina bihurtu da Lasarte-Oriako saskibaloizaleentzat. Ostadar Saskibaloiak hilaren 30ean bosgarrenez antolatuko du 3x3 txapelketa. Maialen Chourraut kiroldegian egingo dute jardunaldia, eta ikusita urtetik urtera gero eta talde gehiagok parte hartzen dutela, bosgarren saski bat jarriko dute. "Kategoria txikienetan ikusi dugu parte hartze gero eta handiagoa, alebinetan eta benjaminetan", esan du Endika Marrahi Ostadar Saskibaloiko arduradunak. "Kanpotik ere etortzen dira talde asko".
Bizkaian eta Gipuzkoan udan ohikoa da herri askotan gisa horretako txapelketak antolatzea. Lasarte-Orian, baina, dagoeneko Gabonetan finkatuta geratu da. "Udan ez genekien ze egunetan jarri, eta orain Gabonetan erreferentzia bilakatu da".
9:00etan kiroldegian egon beharko dute kirolariek. Zortzi minutuko partidak jokatuko dituzte, eta hamar minuturo bat egongo da. "Bost saskirekin, hamar minuturo bost partida egongo dira. Batzuetan bada sentsazioa motzak direla, baina gero jokalariak konturatzen dira norgehiagoka mordoa jokatu dituztela".
Oraindik talde askok ez dute izena eman, baina Marrahik dio azken unean egin ohi dutela. "30-35 taldetara iritsiko bagina oso pozgarria izango litzateke". Handia baita saskibaloiko zaletasuna herrian. Horren erakusgarri, ostiralean Baskonia ikustera antolatu duten irteera. Bartzelonaren aurka jokatuko du Euroligako norgehiagoka. "Bi autobus hartu behar izan ditugu azkenean, ia ehun pertsona joango gara".
Mozorroturik lasterka
Eta urtea behar bezala amaitzeko, hirugarrenez San Silvestre lasterketa egingo dute Lasarte-Oriako kaleetan barrena. Lehen bi edizioak arrakastatsuak izan ziren, ia 700 lasterkarik parte hartu zuten bakoitzean. Herritar talde baten ekimenez antolatu dute lasterketa, baina CD Texas eta udalaren babesa du.
Aurten antolatzaileek pauso bat gehiago eman dute, eta igandeko festa luzatu dute. 11:30ean hasiko da; pintxo-pote solidarioa eta dantza egingo dute. Izan ere, aurten 1 dortsala Erketz taldeari eskainiko diote, 50. urtemugagatik.
Proba hasi aurretik berotze ariketak egingo dituzte, musikarekin. Eta aurrekoetan bezala, 16:00etan hasiko da lasterketa. Iaz bezala, sei kilometro izango ditu. Lasterketaren xehetasun guztiak www.sansilvestrelasarteoria.com webgunean daude ikusgai. Kirolprobak atariaren bidez izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, merkeagoa izateaz gainera (bost euro), lanak errazten dituelako.
Horrez gain, herritarrei dei egin diete mozorrotuta korri egiteko. Ongi pasatzea baita kirol proba horren funtsa. Horregatik, mozorro hoberenentzako sariak izango dira; bikote eta kuadrilla hoberenarentzako barne. Hori bai: oroitarazi dute boluntarioak beharrezkoak direla "lan errazak" egiteko.