Finalerako bidetik kanpo geratu da Ostadar Saskibaloia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 25a, 11:45
Lauko Finala jokatu dute Lasarte-Oriako seniorrek, eta finalerako sailkatzeko gertu geratu dira

Helburua bete dute, baina beti nahi izaten da zertxobait gehiago. Ostadar Saskibaloiko seniorrek Lauko Finalean sartzea jarri zuten erronka denboraldi hasieran. Eta lortu dute. Halere, finalerako sailkatzeko gertu izan dira. Tamalez, bost minuturen faltan irabazten egon arren, Antigua Luberrik eraman zuen finalerdia (53-45). 

Gaizki hasi zuten partida, puntu asko jaso baitzituzten saski azpian. Zonako defentsara aldatu zuen orduan Ander Otaegi entrenatzaileak, eta donostiarrak blokeatu zituzten. Markagailua iraultzea lortu zuten, baina ez zuten aukera guztiz aprobetxatu ahal izan. 

Azken bost minututan 10-1 partziala jaso zuen Ostadarrek, eta Luberrik lortu zuen finalerako txartela. Finalean Bera Bera Gros gailendu da. 

Edonola ere, Otaegi pozik agertu da, denboraldi "oso ona" egin dutelako.