Festa giroan bukatu dute

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 5a, 13:30
Ostadar SKT kirol taldearen ataletan kirolean aritzen diren herritarrak Michelingo frontoian elkartu ziren joan den larunbatean, 2016/17 denboraldia festa giroan bukatzeko. Axier Arteaga eta Okendo Zinema taldea saritu zituen Ostadarrek.

Urtero legez, festa erraldoi batekin itxi du denboraldia Ostadar Saiarre Kirol Taldeak. Klubak dituen hamar ataletako partaideak Michelingo frontoian elkartu ziren pasa den larunbatean. Egitaraua, nola ez, kirola eginez ireki zuten hainbat gazte eta helduk: saskibaloia, bola-jokoa, ipar martxa... Gelditu gabe aritu ziren 11:00etatik 12:30era arte.

Michelingo pilotalekuan dena prest zegoen sari banaketarekin hasteko. Aurtengo kirolari onenaren saria Axier Arteaga pilotari profesionalak jaso du. Urte gogoangarria egiten ari da herritar gaztea: Promozioko binakakoa (Jon Erasun zizurkildarrarekin bikote eginez) eta buruz burukoa irabazi ditu. Ondo bidean, udaran zehar orain arteko joko-maila bikaina erakusten jarraitzeko aukera ugari edukiko ditu Arteaga II.ak.

Auzolan saria, berriz, Okendo Zinema Taldeko kideek irabazi dute aurten. 80. hamarkadan hasi ziren lasarteoriatarrei kalitatezko zinema eskaintzen, eta denboraldi batez geldirik egon eta gero bueltatu dira, ideiak eta indarrak berrituta. Aukeraketa tentuz egin, eta, ostiralero-ostiralero, mota guztietako luzemetraiak proiektatzen dituzte Manuel Lekuona kultur etxean. Juanjo Erauskinek jaso zuen saria talde guztiaren izenean.

Sail bakoitzeko kideei aitortza

Txalo-zaparrada etengabeak entzun ziren frontoian larunbatean. Ez pilotariek egindako tantoengatik, Ostadarren sail bakoitzeko kideei egindako aitortzengatik baizik. Ostadarren atal berrienetik hasi ziren sariak banatzen: Kirol Egokitu saileko arduradunek Maria Martinez saritu zuten, "atalaren alde egindako lan guztiagatik", ekitaldiko hizlari eta Ostadarreko kide Aitor Azkonobietak azaldu zuenez.

Mendi saileko kideek Gonzalo Zabalak egindako azken balentria nabarmentzea erabaki zuten. 2016ko azaroan Himalaya mendilerroko Ama Dablam (Nepalen dago eta 6.812 metro ditu luze) igo zuen. Hainbat gailur egin ditu herritarrak urteotan: Aconcagua, Kilimanjaro, Lenin Peak, Elbrus eta beste hainbat. 2002an hasi zen mendia egiten.

Gonzalo mendian hasi zenean haur txikiak edota jaioberriak ziren Beltzak errugbi eskolako 14 eta 16 urtez azpiko taldeko jokalariak. 15 urte beranduago, denboraldi bikainak egin dituzte. 16 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzak taldeak Euskadiko txapelketa irabazi du eta zazpigarren postua erdietsi du Espainiakoan. 14 urtez azpikoak, berriz, Gipuzkoako txapeldun izan dira eta Euskadiko azpitxapeldun.

Jokalari jatorrenak

Edozein diziplinatan ongi konpetitzea oso garrantzitsua da, baina are inportantzia gehiago dauka kirol-legez jokatzea eta hainbat balore transmititzea. Hori dela eta, Ostadarreko hainbat sailek jokalari jatorrenak saritzen dituzte urtero-urtero.

Areto-futboleko arduradunek saritu zituzten jokalariak hauek dira: Iñigo Jaka (3. nazional mailako Ostadar Antonio Aroztegia taldeko kapitaina), Javi Vecilla (Gipuzkoako 1go mailako Cecilia Kebab Lasarte Ostadarreko kapitaina), Alex Varela eta Oscar Lanuza (jubenil mailako jokalariak). Gorka Redondok banatu zituen sariak.

Talde-kopuru adina sari eman zituen saskibaloi ataleko koordinatzaile Endika Marrahik ere: sei guztira. Kadete mailatik hasi eta seniorretaraino, banan bana atera ziren jokalari sarituak: Maialen Sevillano (Errendimenduko kadetea), Nerea Calvo (Partizipazioko kadetea), Uxue Balerdi (Errendimenduko juniorra), Uxue Anabitarte (Errendimenduko juniorra), Susi Sanz (Emakumeen 1go probintzial mailako seniorra) eta Iraitz Rodriguez (3. probintzial mailako senior gizonezkoa).

Eta, sariekin bukatzeko, futbola. Hamalau talde lehiatu dira aurten, inoiz baino gehiago. Talde bakoitzeko entrenatzaileek banatu zituzten jokalari jatorrenen sariak. Sarituen zerrenda: Iraitz Almagro eta Ander Ormazabal (alebinak); Unai Sorrondegi, Jon Nieto, Adam Sanchez eta Markel Arzallus (infantilak); Jon Ander Bermudez, Ibai Morales eta Pablo Hernandez (kadeteak); Iñigo Otaegi eta Beñat Loiarte (jubenilak); Saioa Perez, Joaquin Ramos eta Xabi Ugalde (erregionalak).

Saioa Perez erregionalak beste behin atera behar izan zuen kantxara handik gutxira. Joxe Belartieta Ostadarreko kide eta entrenatzaile historikoak emakumezko jokalari onenaren saria eman du aurten, eta erabaki du Perezek merezi duela txapela. Merituak egin ditu horretarako: Gipuzkoa mailako ligetako golegile nagusia izan da.

Ia mila kirolari

Ostadar SKTren arduradunak gustura daude aurtengo denboraldiarekin. "Ia mila herritar aritzen dira kirolean gure sailetan eta hori 200.000 euroko aurrekontuarekin. Gure historiako zifra altuenak dira", nabarmendu dute elkartearen aldizkari ofizialean. 34 kandela itzali ditu aurten Ostadarrek eta datozen urteetan kirola egiteko aukera ugari ematen segitzea dute helburu. Ahal dela, Atsobakarreko kirol proiektuaren laguntzarekin: "Futbola, errugbia eta atletismoa egiteko kirol gune horrek entrenatzeko baldintza hobeak eskainiko dizkigu eta gure kirolariek ez dituzte horren berandu bukatuko entrenamendu saioak".

Argazki galeria