Familia handi bat Michelinen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 10a, 11:09

Ehunka jokalari gaztek gozatu dute futbolaz Michelinen, Jose Martija txapelketaren hirugarren edizioan. Goiz-goizetik arratsaldera arte egon da baloia mugimenduan

Urtetik urtera handiagoa da familia. Etengabe hazten ari den kirol ekitaldia da Jose Martija futbol txapelketa. Hainbat urtez herrian utzitako kirol ondarea gogoratzeko asmoz, Joseren familiak eta Sasoeta Saustatxo taldean haren jokalari izandakoek hirugarren aldiz antolatu dute ekimena. Benjamin mailako hamabi talde etorri dira aurten Michelinera: Antiguoko, Beti Ona, Lengokoak, Texas, Sasoeta, Usurbil, Añorga, Eibar, Martutene, Vasconia, Sanse eta Real Union. Jokalari guztiek primeran pasa dute futbolean jokatzen, emaitzez harago. Garaipenak, porrotak, sartutako eta jasotako golak...horiek ez dira geratuko herritarren memorietan. Bost urte barru, gaurko txapelketari buruz hitz egiterakoan, denei etorriko zaie irudi bera burura: familia handi bat ikusi dute Michelinen.

Goizeko bederatzietan ireki ditu ateak Michelinek. Antolatzaileek 09:30etarako hasi nahi zuten norgehiagokekin, eta jo eta su egin dute lan minutu bakar batez ere ez atzeratzeko. Baita lortu ere. Zelaiak zozkatu eta gero, erdiko sakeak egin dituzte aurreneko taldeek. Goiz osoan zehar aritu dira aurtengo edizioan parte hartu duten hamabi taldeak, nor baino nor gehiago, guraso eta lagunen begiradapean. Iazko txapelketarekin alderatuta, egon da berrikuntzarik aurten. Esate baterako, Champions League eta Europa League kategoriak sortu dituzte. Goizean multzotan banatu dira taldeak, eta, ondoren, emaitza guztiak eskuetan, aurreneko zortziak sailkatu dira Championsa jokatzeko (Antiguoko, Usurbil, Sanse, Texas, Lengokoak, Martutene, Beti Ona eta Real Union) eta Europan aritu dira beste lauak (Eibar, Sasoeta, Añorga eta Eibar).

Antiguoko irabazle

Futbol zelaitik frontoira. Michelingo pilotalekuan hartu dituzte indarrak jokalariek, goiz osoan zehar baloiari ostikoak eman eta gero. Paella jan dute. 

Ondoren, azkeneko faseak hasi dira. Championsean, bi talde donostiar iritsi dira final handira: Antiguoko eta Martutene. Partida emozionantea izango zela zirudien, baina antiguotarrek alde ederra hartu dute markagailuan hasieratik, eta Martutenek ezin izan du ezer egin. Azkenean, 10-1 Antiguokoren alde. Dena dela, emaitzak bainoago, talde guztiek erakutsitako kirol-legea da nabarmentzekoa. Hori izan zen Jose Martijaren irakasgaietako bat, eta belaunaldiz belaunaldi dirau. Europa Ligan, berriz, Eibar nagusitu da, Sasoetari 4-2 irabazita.

Bukatzeko, txapelketaren antolatzaile eta babesleek sariak banatu dituzte, giro ederrean, eta talde argazkiak ere atera dituzte; bereziki hunkigarria izan da Jose Martijaren familiak txapelketaren irabazle Antiguokorekin ateratakoa. 

Argazki galeria