Parekidetasuna boxeo ringetik aldarrikatzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 12a, 19:10
Boxeoa Lasarte-Oriara bueltatu da bi hamarkada pasatxo eta gero: parekidetasunaren aldeko lehenengo Boxeo Masterra jokatu zen atzo iluntzean: sei borrokaldi interesgarriz gozatu zuten ikusleek harmailetan eta ringa inguratzen zuten ilaretan. Berrehundik gora bertaratu ziren. Kirola eta ikuskizuna parez pare Maialen Chourraut Udal Kiroldegian.

Ez daitezela boxeorik gabeko beste 22 urte igaro herrian. Hori pentsatuko zuten atzoko ekitaldiaz gozatzera animatu ziren ikusleek, Maialen Chourraut Udal Kiroldegiko ring inprobisatuan jokatu ziren sei borrokaldien ostean. Horietako hiru emakumeen artekoak izan ziren, eta beste hiruak, gizonezkoen artekoak. Lasarte-Oria izan zen Parekidetasunaren aldeko Boxeo Masterraren lehen edizioaren topagune. Neska Box taldeak antolatu zuen kirol ekitaldia eta herrira ekartzeko apustua egin Lasarte-Oriako Udalak. 

Ikusmira sortu zuen boxeo-gauak herrian, eta asko izan dira ring-aren inguruko ilarak eta harmailak bete dituzten herritarrak eta kanpoko jendea ere: berrehundik gora bertaratu ziren. Ordezkari instituzionalak ere bai: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Goizane Alvarez edota Lasarte-Oriako Udaleko kirol zinegotzi Txus Alonso, besteak beste.

Violeta Gonzalezen debuta profesionaletan

Borrokaldi-ordenean azkenekoa izan zen Violeta Gonzalez bizkaitarra eta Katherine Quintana venezuelar jatorriko valentziarraren artekoa, baina hortik hastea komeni. 2013. urtean amateur mailako Espainiako txapelduna izandako Violeta Gonzalezek profesional mailan debuta egin zuen, irabaziz, gainera. Hori bai, gogotik izerditu behar izan zuen Quintana mendean hartzeko. Bi minutuko lau round jokatu zituzten biek. Lehenengo hiruetan batak bestea neurtu zuen, borrokatzeko era ikertu, eta laugarrenerako utzi zuten dena. Intentsitate handiko bi minutu izan ziren, biek dena utzi zuten ring gainean eta garaipenaren bila joan. Azkenean, epaileak ebatzi zuen Gonzalezek merezi zuela irabaztea, puntuetara. Ezin hobeto ekin zion ibilbide berriari bizkaitarrak.

Gonzalez eta Quintanaren artekoa baino lehen, Oreretako Sebas 'Latigo' Perez eta Edwin Tellez nikaraguarra aritu ziren udal kiroldegiko ring inprobisatuan. Emakumezko bi profesionalen arteko lehia oso orekatua izan bazen, ezin gauza bera esan honen inguruan: boxeolari gipuzkoar gaztea arerioa baino hobeto aritu zen, lau roundetan zehar. Ezizenari ohore eginez, kolpe azkarrak eta gogorrak ematen zituen. Tellez ere gogor aritu zen, Perezen kolpeak saihestu eta kontraerasoan beste batzuk ere ematen. Halere, round guztietan gipuzkoarra izan zen nagusi, eta hala ikusi zuen epaileak ere: puntuetara, garaipena Latigorentzat. Profesional ibilbidea hasi zuenetik seigarren aldiz lehiatu zen atzo, eta beste hainbeste aldiz irabazi du. Atzoko lehia bukatu eta gero, hospitalean dagoen Saul Tejada boxeolariari omenaldia egin zion, bere izena zeraman zinta buruan jantzita. Horrez gain, Violeta Gonzalez eta Katherine Quintanaren arteko lehia hasi aurretik more koloreko animo-kartel bat ere erakutsi zuten Neska Box taldekoek.

Lau borrokaldi amateur

Profesionalen arteko lehien aurretik, maila ederrean aritu ziren amateur mailako zortzi borrokalariak: Eñaut Basasoro, Lander Kanpo, Patricia Yubero, Andrea Barrio, Xabi Burgueño, Fermin Vargas, Eneritz Borinaga eta Alba Ortiz. Hiru minutuko hiruna round jokatu zituzten guztiek euren borrokaldietan. Ekitaldiaren antolatzaile Neska Box taldean aritzen dira Patricia Yubero (gaur egungo Euskadiko txapelduna) eta Eneritz Borinaga (brontzezko domina kolkoratu zuen Espainiakoan).

Profesionaletan gertatu bezala, puntuetara erabaki ziren lau borrokaldiak. Eñaut Basasoro gipuzkoarra Lander Kanpo bizkaitarrari gailendu zitzaion; Patricia Yubero bizkaitarra Andrea Barrio madrildarrari; Xabi Burgueño gipuzkoarra Fermin Vargas madrildarrari; eta Eneritz Borinaga bizkaitarra, Alba Ortiz mallorkarrari (Espainiako egungo txapelduna da azken hau).

Parekidetasuna aldarri

Txema Valles kazetariak eman zuen datuaren berri atzo: duela 22 urte gozatu ahal izan zuten boxeoaz zuzenean lasarteoriatarrek, Jesus Alba boxeolari herritarra zenari egindako omenaldian, 1994ko San Pedro jaietan. 

Bi hamarkada eta gero boxeo giroa arnastu zen Lasarte-Orian, eta kirol-parekidetasunaren aldeko aldarri ozena entzun ere bai. Hori izan baita, ekitaldiaren izenak garbi adierazten duenez, parekidetasunaren aldeko I. Boxeo Masterraren helburua. Beste urrats bat kirolean bi generoen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Boxeo ring batetik ere aldarrikatu daitekeelako hori.

Atzoko boxeo gaueko irudiekin egindako argazki galeria