Euskadiko bi errekor Sabadellen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 16a, 11:00
Iñigo Ibarburu, Mikel Esnal eta Itsaso Tolosa Buruntzaldea IKTko igerilariak Sabadell-en izan ziren asteburuan Absolutu Mailako Espainiako Neguko Txapelketan parte-hartzen. Hirurek fin egin zuten igerian, baina bereziki Ibarburuk lortu zituen marka bikainak, bere adineko bi Euskadiko Errekor eginez 50 eta 100 metro tximeleta estiloan.

Puntako kirolaria dela berretsi zuen beste behin Iñigo Ibarburu gazteak Espainiako Neguko Txapelketan. Bere prestakuntza hobetu asmoz, goiz eta arratsalde entrenatzen hasi da kiroldegian, eta asteburuan ondo eta pazientziaz egindako lanaren fruituak ikusi genituen Sabadellen. 
100 metro tximeletan 55''70 egin zuen bere aurreko marka bi segundo jaitsiz; 200 tximeletan 2'05''00, aurrekoa hiru segundotan hobetuz eta 50ean 25''22 aurrekoa ia segundu batean jaitsita. Emaitza horiekin, Ibarburuk 17 urteko 100 tximeletako eta 50 tximeletako Euskadiko Errekorrak ezarri ditu, hiru frogetan taldeko absolutuen errekorrak hausteaz gain. 
Borja Apeztegia entrenatzaileak “ikusgarria” hitza erabili zuen Ibarbururen jarduna definitzeko: “Juniorren artean artean bigarren izan zen 100 tximeletan, laugarren 200 tximeletan eta bigarren 50 tximeletan. Txapelketa latza”. 

Tolosa eta Esnal
Itsaso Tolosa gazteak txapelketa bikaina osatu zuen Borja Apeztegia Buurntzaldea IKTko entrenatzailearen ustetan: “Itsaso Tolosa 200 eta 100 bizkar frogetan aritu da. Egia esan, markarik hobetu ez badu ere, bere maila onenean ibili da eta data hauetan horren ondo ibiliko zenik ez genuen espero. Denboraldiko zein momentutan gauden kontuan izanda, balorazio oso positiboa egiten dugu”.
Izan ere, 2'22''11ko denbora egin zuen 200 bizkar frogan, bere markatik segundu bat baino gutxiagora geratuz. 100 bizkar frogan berriz 1'07''08 egin zuen, bere markatik segundu erdira. 
Ibarburu eta Tolosaz gain, Mikel Esnal herritarra ere joan zen Sabadellera. Esnalek 50 libre frogan lehiatu zuen. “Oraindik horrelako txapelketetan esperientzia handirik ez eta berriro ere urduritasunarekin pasada txar bat izan zuen. Irteera emateko garaian behar baino lehenago mugitu egin zen (nahiz eta frogarako abantailarik ez zuen atera) eta arrazoi horregatik deskalifikatua izan zen”, adierazi du Borja Apeztegia prestatzaileak. Hala ere, froga burutzeko aukera izan zuen eta baliozkoa ez den arren, marka ona eskuratu zuen 23''96 eginez. 
Kanporatua izanaren arantzatxoa zeukan Apeztegiak barruan Espainiako txapelketaren biharamunean: “Irteerako momentuan kontzentrazioa galduko ez balu, agian ehuneneko batzuetan jaitsiko luke denbora. Dena den, deskalifikazioa alde batera utzita, Mikel ere bikain aritu zen bere frogan, bai igeri egiteko moduan baita kontrol taktikoan ere. Denboraldiko momentu honetan inoiz ez da horren azkar ibili, beraz, sentsazio gazi-gozoa geratu bazaigu ere, bere ahalmenaren inguruan emaitza onak ikusi genituen”.
Txapelketa hau amaituta, hirurak Buruntzaldea IKTko gainontzeko taldekideekin batera Zarautzen izango dira asteburu honetan, Gipuzkoako Kluben Kopan lehiatzen.