Ederki ekin zion asteburuari Maialen Chourrautek: taldekako K1 modalitatean zilarrezko domina kolkoratu zuen Irati Goikoetxea eta Marta Martinezekin batera. Joan den asteburuan Eslovenian jokatu zen taldekako txapelketan Espainiako ordezkaritzak erdietsi zuen domina bakarra izan zen.
Igandean bakarka aritzea zegokion txapeldun olinpikoari. Finalerdietan seigarren denbora onena egin eta finalera sailkatu zen piraguista lasarteoriatarra. Ezin izan zuen duela bi urteko emaitza errepikatu, eta azkeneko jaitsieran ere seigarren denbora onena egin zuen. Lau aldiz penalizatu zuten Chourraut epaileek, eta Corinna Kuhnle irabazleak baino 7,92 segundo gehiago behar izan zituen helmugara iristeko.
Stefanie Horn italiarrak eta Marie-Xelia Lafont frantsesak osatu zuten K1 modalitateko bakarkako podiuma.
Ander Elosegi piraguista irundarra, berriz, zazpigarren izan zen C1 kategorian. Alexander Slafskovsky eslovakiarrak irabazi zuen modalitate horretan.