ETE ligan arituko da Intza Fernandezen Hondarribia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 21a, 11:55
Donostiarrak traineruaren aurka galdu du jaitsierako kanporaketa, eta ETE ligan arituko da Lasarte-Oriako arraunlaria. Denboraldia oso ondo hasi arren, gainbeheran sartu da taldea gero, eta ezin izan dio mailari eutsi. "Oso nekatuta bukatu dugu"

Gauzak gaizki hasten direnean zaila izaten da buelta ematea. Horixe bera gertatu zitzaion Intza Fernandez herritarraren Hondarribia traineruari. Eusko Tren ligan jarraitzeko kanporaketa jokatu zuen asteburuan Donostiarraken aurka. Bi jardunaldietan jokatu zuten, Bizkaian; larunbatean Bermeon, eta igandean Portugaleten. Hasiera batean, hamar segundorekin zigortu zuten Hondarribiko ontzia, estatxa lehenago askatu zutelakoan. Esan zuten epaileek zigorra bertan behera utziko zutela, baina azkenean ez zen hala izan, eta Donostiako taldea nagusitu zen. Igandean Portugaleten hondarribitarrek ezin izan zioten kanporaketari buelta eman; lan gogorra egin arren, bi estropadak irabazi eta 17 segundoko aldearekin mailaz igo zen Donostiarrak. 

"Larunbatean ez ginen ondo aritu, eta hamar segunduko zigorra jarri ziguten". Hasiera batean esan zieten zigor hori kendu egingo zietela. Edonola ere, zigorrik gabe ere zaila zuten kanporaketari buelta ematea, Fernandezen esanetan. "Baina igandean gogo askorekin joan ginen, zigorra kendu zigutelakoan. Azkenean megafonotik esan zuten ez zela horrela, eta kolpe handia hartu genuen". Estropada egin zuten jakinda oso zaila zutela Donostiarrak kanporatzea. "Ez da aitzakia, estropada txarra egin genuen edonola ere". 

Gorabeheratsua izan du denboraldia Fernandezek. Izan ere, lehen urtea du Hondarribiako taldean; aurpegi berri askorekin aurkeztu da trainerua aurten. "Oso ondo hasi genuen denboraldia. Lortu genuen Eusko Tren ligan sartzea, baina gainbeheran sartu gara gero, beste taldeek gora egin duten bitartean. Oso nekatuta bukatu dugu". 

ETE ligan hurrengo denboraldia 

Orain atseden hartzeko ordua iritsi zaio Lasarte-Oriako arraunlariari. Urria bukaeran  hasiko du hurrengo denboraldia. Hondarribiako traineruan jarraituko du. "Hurrengo urtean saiatu behar gara ligako banderak irabazten, eta berriro aukera izatea Eusko Tren ligan sartzeko".