Espainiako zazpigarren egin du Beltzak taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 7a, 20:22
Sant Cugat de Vallesen jokatu dute Espainiako txapelketa larunbatean eta igandean Babayauto Zarautz-Beltzak taldeko 18 urtez azpiko jokalariek. Euskal Ligako txapeldun izan ostean, amaiera polita eman diote denboraldiari lasarteoriatarrek

Sant Cugat del Vallesen (Katalunia) izan dira Zarautz-Beltzak RTko 18 urtez azpiko jokalariak. Espainiako txapelketan lehiatu dira errugbilariak, eta  sailkapeneko zazpigarren postuan amaitu dute.

Hiru partida jokatu dituzte larunbatean eta igandean. Larunbateko lehena, Sanboianaren aurka aritu dira. Kataluniako taldea izan da nagusi jokoan; horrela adierazi du markagailuak,  eta bi taldeek maila pareko jokoa eman arren, baloia kontrolpean edukitzea lortu dute beltzek. Horrek markagailua berdintzeko balio izan die jokalariei bigarren zatian, baina Zarautz RTren akatsa baliatuta, entsegu bat egitea lortu du Sanboianak. 10-17 amaitu dute lehia. 

Lehen partida "zapore garratzarekin" amaituta, Ciencias Sevilla taldea izan dute aurkari beltzek bigarrenean. Antonio Vega Beltzak taldeko zuzendaritzako kidearen arabera, hasiera "ezinhobea" eman dio taldeak jokoari. Zigor kolpe bat eta entsegu bat transformatu, eta baloiaren jabetza mantendu dute. Sevillako taldeak, berriz, partidari buelta eman, eta nagusi izan dira bigarren zatian. 10-19ko puntuaketarekin amaitu da lehia. 

Harmailetako giroa goraipatu du Vegak. Zarautz eta Lasarte-Oriako zaleak bildu dira Sant Cugat del Vallesen, eta "sekulako giroa" sortu dute txapelketak iraun bitartean.

Igandea 
Talde gogorra izan dute beltzek aurkari igandean: Cisneros. Hauek oso joko ona egin dute hasieratik, eta alor guztietan nagusi izan dira (35-0).

Hiru lehiak amaituta, sailkapen postua borrokatu dute. Valladolideko El Salvador taldearekin batera, zazpigarren eta zortzigarren postuak borrokatu dituzte. Beltzek 13-0 irabazita, zazpigarren postuan amaitu dute Espainiako 18 urtez azpiko txapelketa.