Eslalom parte hartze eta promozio jardunaldia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 23a, 12:00
Eslaloma egiten duten kirolariei eta urritasuna duten gazteei zuzendutako topaketa antolatu du Ostadar SKTko Kirol Egokituko atalak. Ikusmira duten herritarrak ere hurbildu daitezke igandean Maialen Chourraut kiroldegira

Ostadar SKTko Kirol Egokitu eta Inklusio atalak Eslalom partehartze eta promozio jardunaldia antolatu du otsailak 25rako, igande honetarako.  9:30ean hasiko da. "Eslaloma Lasarte-Orian kirol berria da; ez dut uste herrian inoiz egin denik," adierazi du Iurgi Olasagasti ataleko arduradunak.

Eslaloma urritasuna duten pertsonentzako sortutako kirol espezifikoa da. Iurgi Olasagasti ataleko arduradunak azaldu ditu kirol diziplinaren nondik norakoak: "Badaude kirolak federazio konbentzionaletan daudenak. Beste batzuk horietatik kanpo daude, eta beste kiroletatik egokitu dira urritasunen bat dutenek egin ahal izateko. Baina badaude hiru kirol zehatz haientzako sortu direnak. Horiek eslaloma, boccia eta goalballa dira".

Eslaloma zirkuitu bat da, parte hartzaileek gurpil-aulkia erabili behar dute, eta ahalik eta bizkorren egin behar dute ibilbidea.
"Parte hartzaileen gurpil-aulkiaren erabilera eta hura gidatzeko trebetasuna neurtzen dira. Urritasun fisiko maila batzuk eta garun paralisia duten pertsonek lehiatu dezakete honetan", esan du Ostadar SKTko ataleko arduradunak.

Topaketa slalomean aritzen diren kirolariei zuzendua dago. Izan ere, Olasagastiren hitzetan, ez daude horrelako hainbesteko proba. "Ez bakarrik Gipuzkoan.  Espainian eta Iparraldean ez dago kirol honetan aritzen edo entrenatzen duten pertsonentzat probarik".

Eslalom proba hau, gainera, Espainiako txapelketarako marka egiteko baliagarri izan daiteke. "Bertan egiten diren denborak balio dezakete Espainiko txapelketan parte hartzeko. Horretarako arauak bete behar dira. Horrela, asmo horrekin kirolaririk badator, eslalom zirkuitua arauetara moldatuko da".

"Horrela ez bada, berdin-berdin egin daiteke jardunaldia , eta berdin parte hartu dezake jendeak. Hori bai, gutxieneko urritasun bat izan behar da kirol honetan lehiatzeko," nabarmendu du Olasagastik.

Gauzak honela, Kirol Egokitu eta Inklusio ataleko arduradunak  gonbita egiten die eslalom kirolariei, baita urritasunen bat duten gazteei ere. "Kirolean parte hartu nahi duenak etortzea du, eta kuriositatea duten pertsonek ere ikustera etor daitezke". 

Bartzelonara bidaia 
Bestalde, Ostadar Kirol Egokitu eta Inklusio ataleko gazteak lanean ari dira. Astelehen eta asteazkenetan, hamar bat gaztetxo biltzen dira kiroldegian. "Gehienek urrritasuna dute. Taldean edonork parte hartu dezake".

"Eskola kiroleko filosofia jarraitzen dugu. Gazteak kirol bakarrera bideratu ordez, kirol asko probatzen dituzte. Izan ere, ez dakigu zein kirol gustuko duten. Helburua ez da kirol batean ona izatea, kirol ohitura bat sortzea baizik," adierazi du Olasagastik.  

Filosofia horri lotuta, topaketatara eta sortzen diren txapelketetara joaten dira gazteak. Topaketa asko egin dituzte. "Saskibaloi topaketa egin dugu, igeriketa...denetarik ari dira probatzen."

Baina entrenamendu edo topaketez gain, ekintza bereziak ere egiten dituzte. Esate baterako, hil honen hasieran, otsailaren 3an eta 4an, Bartzelona ezagutu zuten. 

"Oso esperientzia ona izan da. Gazteek askotan ez dute aukera haien urritasunagatik asteburu pasa edo hain normalizatua izango litzatekeen ikasketa bidaira joateko. Eta nahiz eta bidaia egokitua egon, beldurra sentitu dezake eta ezezkoa ematen dute," azaldu du.

Bidaiaren helburuak ere zehaztu ditu Olasagastik: "Beraiek beste batzuekin entrenatzeko eta lehiatzeko. Elkarrekin bizitzeko. Autonomia ere landu genuen".