Errugbiaz gozatzen, Aitor Uranga gogoan
Aitor Urangaren II. oroimenezkoa ospatu du Beltzak errugbi taldeak asteburuan, Michelingo zelaian eta Loidibarren pilotalekuan. Eguraldi ezin hobea lagun, errugbiaz gozatu dute lasarteoriatarrek, Aitor Uranga gogoan

Herriko errugbi zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko joan den larunbata. Eta, jakina, ez dute inoiz ahaztuko Aitor Uranga; Beltzak Errugbi Eskolako zutabeetako bat izan zen, azken momentura arte. Hark egindako lana gogoratze aldera, Aitor Urangaren oroimenezkoaren bigarren edizioa ospatu zuen Beltzak taldeak, Michelingo zelaian eta Loidibarren pilotalekuan.

Goizean, errugbi eskolako gaztetxoek aurten ikasitako guztia erakutsi zieten guraso, entrenatzaile, ahaide eta lagunei. Entrenatzaileek eta 16 urtez azpiko jokalariek talde bat osatu zuten, eta gurasoek bestea. Entsegu asko ikusi ziren Michelinen, eta baita plakajeak ere! Horiek izan ziren goizeko une dibertigarri eta kuriosoenak, zalantzarik gabe. Guztien gainetik, eskolako ikasle gazteenek Haka dantzatu zutenekoa: eskolako zuzendari Josemari Nuñezen gidaritzapean, ahaideen aurrean dantzatu zuten neska-mutilek. Partidua bukatu eta gero, hirugarren denbora. Giro ederrean berritu zituzten indarrak jokalari, entrenatzaile eta gurasoek. Bien bitartean, Iruñetik etorritako neska taldeak, La Unicak, hamaiketako goxoa dastatu zuen Intza elkartean, arratsaldean jokatu aurretik. Gure Etxea tabernako Iñakik prestatu zuen janaria. La Unica taldeko kideak Michelin aldera joan zirenean, Huescatik etorritako Quebrantahuesos taldea eseri zen mahaian.

Errugbian jo eta ke, Michelingo eguzkipean

La Unica eta Hernaniren arteko neurketak ireki zuen larunbat arratsaldeko errugbi txapelketa. Beroketa ariketak egin eta gero, 15:00etan hasi ziren jokatzen. Hainbat zale hurbildu ziren harmailetara jokalariak animatzera. Bereziki, zelaian zeuden bi lasarteoriatarrak: Paola Vega eta Enara Ramirez. Epaile lanak ere herritar batek egin zituen: Beltzakeko kide Jon Ibisate gazteak. La Unica talde nafarra indartsua da, eta trantsizioetan bizkorra. Hala erakutsi zuten aurreneko minutuetan, neurketako lehenengo entsegua eginez. Handik gutxira, Paola Vegak berdindu zuen neurketa, Hernanirentzat entsegua lortuz. Beste bat ere lortu zuen, minutu batzuk beranduago. Azkenean, 29-34, La Unicaren alde. Emaitza bainoago, bi taldeen arteko kirol-legea eta giro ona dira azpimarratzekoak. Trofeoak jaso ostean, talde argazkia atera zuten guztiek elkarrekin, zelaian bertan.

Ondoren, gizonezkoen txanda iritsi zen. Hiruko txapelketa jokatu zuten Quebrantahuesosek, Atletico San Sebastianek eta herritarrez osatutako Beltzak Lasarteoriansek. Lehenengo neurketa lasarteoriatarrek eta Huescatik etorritako Quebrantahuesosek jokatu zuten. Egun osoan lagunarteko giroa nagusi izan bazen ere, zelaira irtetean konpetitzera eta irabaztera irten ziren talde guztiak. Oso emozionantea izan zen lehenengo norgehiagoka: zazpina berdinduta zihoan markagailua, azken jokaldira arte. Quebrantahuesosek orduan lortu zuen partiduko bigarren entsegua, eta garaipena: 7-14. Bigarrenean, freskoago zeudela baliatuz, Atletico San Sebastianek 54-0 irabazi zion Quebrantaguehosi. Eta, amaitzeko, Atletico San Sebastianek eta Beltzak Lasarteoriansek neurtu zituzten indarrak. Herriko taldeko hainbat jolakarik jarraitzen dute errugbian jokatzen; beste batzuek erretiroa hartua dute, baina txapelketa honetarako prest egoteko gogor entrenatu dute, eta nabaritu zen hori larunbatean. Neurketa paretsua izan zen, baina donostiarrak gailendu ziren azkenean, 24-0. Dena den, berriro esango dugu, emaitzak ez zirela izan inportanteak; bost taldeek erakutsitako joko-maila eta harmailetako giroa dira bereziki nabarmentzekoak. Partiduak bukatzean, pasiloen txanda iritsi zen. Errespetua eta kirol-legea Michelingo zelaian.

Sari banaketa eta hirugarren denbora

Dutxatu eta gero, sariak jasotzera joan ziren txapelketan parte hartu zuten taldeak. Talde guztiek jaso zuten garaikur bana, eta zenbait norbanakok ere bai. Babyauto Zarautz taldeko Adrian Apaolaza gazteak, esaterako: Beltzak eskolako kategoria guztietatik pasa eta gero, aurten egin du debuta aurreneko taldearekin. Berak islatzen du eskolak azken urteotan izan duen garapen ikusgarria. Eskolan duela gutxi hasi zen Erik gaztea ere saritu zuten. Etorkizun handiko jokalaritzat daukate Beltzakeko kideek. Udaletxeko ordezkariek eta eskolako arduradunek banatu zituzten sariak. Aitor Urangaren familiak, Izaskunek, Idoiak eta Ikerrek ere aitortza hunkigarria jaso zuten. 

Eguna ezin hobeto bukatu zuten errugbi zale guztiek, Loidibarren pilotalekuan, hirugarren denbora eginez. Jaki goxoak eta edari freskoak bakarrik ez, multimedia material mordoa prestatu zuten Beltzak taldeko kideek, frontoira joandakoen gozamenerako: bideoak, musika eta milaka argazki. Ondoren, jokalariei agurra dantzatu, eta agur esan zioten guztiek elkarri, larunbateko egun zoragarria errepikatzeko konpromisoarekin.

Argazki galeria

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
PILI
Zorionak! Make up saioa prestatzen hasi parrandarako! Txintxoa izan! Ttakuneko lankideak.
AZKEN PDFa
1434 ( Irailak 21 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Asteartea)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Ostirala )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Gandarias-Uribe ( Larunbata )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Gandarias-Uribe ( Igandea )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48