Errugbi taldeak, denboraldia prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 7a, 12:45
Babyauto Zarautz Beltzak eta Hernani Errugbi taldeetan dabiltzan herritarrek lagunartekoak jokatzen ari dira, 2018-2019 denboraldia prestatze aldera. Beltzak taldeko Errugbi Eskola ere gaur jarriko da martxan. Hasiberriak diren haurren gurasoek kezkak argitu ahalko dituzte

Beltzak taldeko Errugbi Eskolako kideak 2018-2019 denboraldia  prestatzeko lanetan hasiko dira gaur, ostiralez. 10, 12 eta 14 urtez azpiko taldeak 18:00etan Michelingo kirol gunean bilduko dira, eta kirola ezagutu nahi duten haurrek ere hurbiltzeko aukera dute.

Josemari Nuñezek zuzenduko ditu haurren saioak. Bitartean, Manu Pelaez, Beltzak taldeko lehendakariak gurasoek kirolari edo taldeari buruz izan ditzaketen kezkak eta beldurrak argituko dizkie. Kuotarik ez dute orainduko gurasoek, errugbia egin nahi duten haurrek oztoporik izan ez dezaten. Beltzak taldeko kideek haur eta gazteak gonbidatu dituzte kirol hau ezagutu eta egitera.

Denboraldia hastear

Beltzen gainontzeko taldeei dagokionez, abuztuan hasi ziren lanean. Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz Beltzak taldeak denboraldi-aurreko bigarren hitzordua izan zuen: Urruñako hiruko lehiaketa, Lapurdin.

Urruña eta ASSM Rugby Saint Martin taldeekin neurtu zituen indarrak taldeak. Azken horren aurka ederki moldatu zen, eta garaipena erdietsi zuen. Bigarren partidan, ordea, ezin izan zuen etxeko taldearen aurka. Xabier Rekondo, Adrian Apaolaza eta Gorka Aristondo herritarrek jokatu zituzten bi partidak.

Aurreko asteburuan, berriz, Iñaki Quesadaren omenezko hiruko txapelketa jokatu zuten, Zarauzko Astin. Etxeko taldeaz gain, Hernani B-k eta Atletico SS-ek osatutako taldea, eta Urruña izan ziren lehian.
Denboraldiko lehen partida, irailaren 16an jokatuko du taldeak, CRAT A Coruña taldearen aurka, Galizian. Partida horiek taldea sendotzen lagunduko dute, izan ere, urte gogorra aurreikusten baitu taldeak. Ohorezko B mailako taldeek jokalari ugari fitxatu dituzte hamabostekoak indartzeko. 

Hernanin ere, gogor

Hernani Errugbi taldea ere lanean ari da. Bertan Jon Ander Puertas, Enara Ramirez, Oihane Puertas eta Paola Vega lasarteoriatarrek jokatzen dute.

Azken partidan Ohorezko mailan mantentzea lortu zuen Jon Ander Puertasen taldeak. Bartzelonan jokatuko dute denboraldiko lehen partida, irailaren 16an. Arerioa Barça Rugbi da.

Hernaniko taldeak abuztuan ere jokatu ditu lagunartekoak, sasoia hartzen joateko; Sport Athletique Mauleonaisen aurka izan zuten horietako bat. Eta ez da partida bakarra izango: Saint Jean de Luz Olympique izango dute  igande honetan aurrez aurre.

Bestalde, Enara Ramirez, Oihane Puertas eta Paola Vega, berriz, Euskal Ligan lehiatuko dute. Iraila amaieran emango diote hasiera denboraldiari, baina motorrak berotzeko, aurreko asteburuan Zizurkilen I. Melokotoi txapelketa jokatu zuten. Iruñeako La Unica, Ordizia, Bilboko U.R.B. eta Donostiako Bera Bera izan zituen arerio, eta bigarren postuan amaitu zuen txapelketa.