Uda luzea eta gero, errugbi giroa bueltatu da Michelinera. Euskal Ligan ari diren Beltzak ZRTk eta Iruña RCk ireki zuten denboraldia larunbatean. Nafarrek irabazi zuten, 10-29. Hainbat lasarteoriatar aritu ziren etxeko taldean. Dena eman zuten, baina ezin izan zuten aurreneko garaipena poltsikoratu.
Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzek martxa ederra hartu du: bigarren garaipena lortu du jarraian. Valladoliden jokatu zuen asteburuan, El Salvadorren aurka. 17-24 irabazi zuen.
18 eta 16 urtez azpiko taldeek Michelinen jokatuko dute asteburu honetan. Gaztedi RTren aurka jokatuko dute biek, igandean: 11:45ean hasiko dira zaharrenak, eta 13:15ean gazteenak.
Garaipen garrantzitsua
Ohorezko mailan lehiatzen duen Hernani CREk denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen Valentziako La Vilaren aurka: 29-38. Garaipen horri esker sailkapeneko azken postuak atzean utzi ditu, eta, sei punturekin, zortzigarren postuan da orain.
Hernani/Txingudi/Atletico SS taldeak ere ekin dio ligari, eta ezin izan zuen Getxo Artearen aurka: 0-62 galdu zuen Landaren.