Konpetizio garaia hasi besterik ez da egin, baina maila oso ona eman dute kategoria guztietako igerilariek, infantilek bereziki. Azpimarratzekoa da euren lana: Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko sei txartel poltsikoratu dituzte honezkero, eta Euskal Herrikorako zenbait gutxieneko lortu ere bai. Nerea Santosek eta Lander Sorozabalek 1.500, 800 eta 400 libreetako gutxienekoak eskuratu zituzten; Aintzane Sarobek, Ane Artolak, Leire Martinek eta Paula Sevillanok, berriz, 200 estiloetakoak.
Aipagarriak dira baita ere Neguko Liga hasieran erdietsitako taldeko lau errekor berriak. Horietako bi Lander Sorozabalek lortu zituen. 1.500 libreetako proban, 18:44.68ko denbora egin eta 15 urtekoen errekorra birrindu zuen (proba horretako pasean, 800 metro zeramatzanean, errekorra egin zuen baita ere, 09:54.02an geratuz erlojua). Distantzia berean, Nerea Santosek 13 urteko errekor berria ezarri zuen: 20:33.48. Azkenik, Ainhoa Martinek 35.71 segundotan geratu zuen erlojua 50 metro bular proban. Emaitza puska horrekin 14 urtekoen eta absolutuen ordura arteko errekorrak hautsi zituen.
Bestalde, Nahia Zudairek ere sasoi puntu oso ona erakutsi du asteburuan. Bi probatan hartu du parte, eta bietan hautsi ditu markak: 01:32.40 egin du 100 tximeletan, eta 01:19.06 estilo librean. Abenduan IWAS World Games lehiaketan hartuko du parte; bertan aritzeko "forma ona" hartzen ari dela nabarmendu du Borja Apeztegia prestatzaileak.